Ostegun honetan, martxoaren 19an hasiko da 24. Korrika Zuberoako Atharratzen. Sei egun barru helduko da gure artera, hilaren 25ean. 13:30ak pasatxoan sartuko da Zubietako hipodromotik eta 11 kilometro egingo ditu euskararen aldeko lasterketak udalerri honetan barrena.
Hitzordua girotzeko, dagoeneko zenbait ekintza egin dira; hala nola, girotze festa Santuenean, bertso-tailerra eta saioa Potxoenean Aitor Agirrerekin, Uxue eta Antton Fernandez anai-arrebekin.
Datorren asterako hitzordu gehiago iragarri dituzte; besteak beste, ikastetxeek. Korrika Txikia eta Korrika Festa antolatu ditu Udarregi ikastolak, Korrika Txikia baita Zubietako eskolak ere.
Korrika osterako ere ekintza gehiago iragarri dira. Korrika Batzordeak Imanol Epelderen "Zerbait sartu zait begian" emanaldia antolatu du Sutegin. "Spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea" ikusteko sarrerak eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman.
Horrez gain, martxoko kantu-jira Korrikari eskainitakoa izango da hein handi batean. "Korrikaren bueltan izango garenez, gure taldeak ere bere ekarpena egingo du martxoko kantujira honetan, bereziki euskara bultzatzen dituzten kantak aukeratuz eta abestuz". Horrekin batera, "gure kantu-zerrendan ere keinutxo bat egingo diegu Palestinari eta une hauetan gerra eta bortizkeria bidegabea pairatzen ari diren herriei".
Hurrengo Korrika astea borobiltzeko, NOAUA! Kultur Elkarteak azkenaldian ekoitzitako euskarazko film laburren bilduma proiektatuko du Sutegin, Laburbiraren baitan.
24. Korrika
Martxoak 19, osteguna
24. Korrika Zuberoako Atharratzetik abiatuko da martxoaren 19an.
Martxoak 24, asteartea
Arratsaldez, Korrika Txikia Udarregi ikastolan.
Martxoak 25, asteazkena
Egun osoan zehar, Udarregin Korrika Festa.
13:37-14:47 24. Korrika Usurbildik.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.
17:00 Frontoian txokolatea eta bizkotxoak.
Arratsaldean, Korrika Txikia Zubietan.
Martxoak 26, osteguna
19:00 Imanol Epelderen "Zerbait sartu zait begian" Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: ""ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea da. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez.. Eszenan artista bakarra, pantaila eta musika... Garai aldakor hauek bizitzeko modua da asmatu ezin duguna. Umorez eta irmotasunez, garai hauek kantatzera eta kontatzera datorren jendaurrekoa da ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN".
Sarrerak: 6 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Korrika Batzordea eta Usurbilgo Udala.
Martxoak 28, larunbata
12:00 Korrikari eskainitako kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Martxoak 29, igandea
18:00 23. Laburbira Sutegin.
Zehaztasunak: "LABURBIRA, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da eta aurten bere 23. edizioa beteko du. Martxoaren 1etik 29ra bitartean eskainiko da Euskal Herriko areto ezberdinetan eta Usurbilen martxoaren 29an ikusiko ditugu ondorengo film laburrak:
Fishy - June Asua Olabarria/Hortzikara - Ane Cuesta/Geratzen den hori - Aitor Gametxo Zabala/Olentzerori eskatu nion - Amaia San Sebastian Larzabal/Erreka zoko hortan - Ekaitz Bertiz/Orain zer? - Ainhoa Urgoitia/A-Maniki - Elixabet Nuñez. Ondoren zuzendari batekin solasean aritzeko aukera izango dugu".
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.
Oharra: petoak salgai Etumeta AEK euskaltegian eta Udarregiko azokan. Eskuratu agortu baino lehen.