24. Korrika

24 lekuko hartze, Korrikaren Usurbilgo 11 kilometroetan

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 19a

Hamaika kilometro eta lekuko hartze gehiago izango dira gure artera badatorren Korrikan; 24 erakunde, eragile edota elkarteek eramango dute euskarri preziatua hilaren 25ean, Zubietako hipodromoan hasi eta Aginagako Mapileraino lasterketak gurean egingo duen ibilbidean.

Aurreko bi edizioetan, gure artetik afalostean edo goizaldean igaro ostean, 2019. urteaz geroztik lehen aldiz, egun-argiz helduko da ostegun honetan, martxoaren 19an, Zuberoako Atharratzetik abiatuko den 24. Korrika udalerri honetara, duela bi urteko noranzko berean, gainera. 13:30ak pasatxoan izango da, Zubietako hipodromoko zubian hartuko du lekukoa udalerri honek, lasartearren eskutik. Hortik, Aginagako Mapilen oriotarrek hartu arte, hamaika kilometroko ibilbidea osatuko du euskararen aldeko lasterketa erraldoienak gure artean.

Kilometro aldaketa bakoitzean izango da lekuko aldaketa eta mila metroko distantzia horren baitan, kasu batzuetan eragile bakar batek eramango du, barruan mezu sekretua garraiatuko duen euskarri preziatua; beste zenbait kasuetan, bi edo hiru eragileek partekatuko dute une zirraragarri eta ahaztezin hori.

Erakundeak, ikastetxeak, herri eragile eta elkarte hainbatek bereganatu du ibilbidearen zatitxo bat eta horren bidez, ekimena eta AEK diruz lagunduko dute; horien artean izango da baita ere NOAUA! Kultur Elkartea.

Ibilbideari dagokionean, aldaketa esanguratsurik ez. Udalerri hau zeharkatuko duen Korrika, aipatu moduan, Zubietako hipodromoko zubitik barrena sartuko da. Zubieta eta Santuenea zeharkatuko ditu. Atallutik Bizkarrera igo eta handik sartuko da Kale Nagusian. Aliprox saltoki parean, Belmonte kaletik gora Kalezarko erdigunea zeharkatuko du Egurtzegi igaro arte. Handik behera, Ugartondoko auzune berria inguratu eta Puntapax kaletik barrena herri erdigunean sartuko da berriz. BM saltoki parean lekuko aldaketa egin eta handik behera, Bordaberri eta Errekatxiki kaleetara joko du, berriz Aliprox pareko biribilgunea inguratu eta Kale Nagusira sartu arte. Handik, N634 errepide parean sartuko da gero Atxegalde parean. Errepide horretatik irten gabe segiko du Aginaga zeharkatu eta lekuko preziatua oriotarren esku utzi arte.

Segidan dituzue, nortzuk hartuko duten lekukoa, noiz eta nondik noraino. Etumeta AEK euskaltegiak helarazitako informazioa duzue. Herria zain jada, Korrika heltzeko.

Lekuko hartzeak
• 13:37 1783. km, Zubietako hipodromoko zubian: Ikaslan, Zubietako Lanbide Eskola.
• 13:44 1784. km, Zubieta Lanbide Eskola parean: Zubietako Eskola, Zubietako Herri Batzarra.
• 13:50 1785. km, Zubietako Learritza 23an: Akaba, Fagor Ederlan.
• 13:57 1786. km, Amiri: Aztarrika Gazte Asanblada, Kolore Guztiak elkartea, Santuenea K.E.
• 14:03 1787. km, Santueneako zubia igaro ostean: Usurbilgo Udala.
• 14:10 1788. km, Belmonte kale hasieran: Orbeldi D.T., Zumarte Musika Eskola, Udarregi ikastola.
• 14:17 1789. km, Puntapax kalea, BM saltoki parean: Udarregiko LH 6ko ikasleak.
• 14:23 1790. km, N634 errepidean, Atxegaldeko autobus geltokian: Elhuyar, NOAUA! K.E., Ta Puntu kooperatiba.
• 14:29 1791. km, N634 errepidean, Lasao etxe parean: Usurbilgo EHBildu, Fagor Automation.
• 14:36 1792. km, N634 errepidean, Aginagako Galardin: Aginagako eskola, Arrate jubilatu eta pentsiodunen elkartea.
• 14:41 1793. km, N634 errepidean, Aginagako sarreran: Aginagako jai batzordea, Bizimaña Herri Kooperatiba.