24. Korrika

Korrika sostengatzeko zenbait bide

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 19a

Ostegun honetan, martxoaren 19an Atharratzen hastera doan 24. Korrika laguntzen segitzeko aukera dugu oraindik.

2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze (inoizko gehienak antolatzaileen esanetan) izango dira, ostegun honetan, martxoaren 19an Zuberoako Atharratzen hasi eta hilaren 29an Bilbon helmugaratu arte. Une hunkigarri bat baino gehiago iragarri ditu AEKk abiatzear den 24. Korrikara begira, Errigoraren, Kontseiluaren, Palestinaren edota Teresa del Valle antropologoaren aldeko kilometroetan, baita Korrikaren "ahizpen" parte hartzea ere; Okzitaniako La Passemek Atharratzen, edo Bretainiako Ar Redadeg-ek Errezilen bat egingo dute aipatu ekimenarekin. 

"Euskara gara" izango du aldarri aurtengo edizioak, lehenengo Korrikaren 45. urtemugako "ez gara folklore, euskara gara" leloaren oroigarri izango dena. Euskararen ezagutza unibertsala, helduen euskalduntzea eta "hizkuntza-politika eta erreminta ausart eta sendoen premia" lehen lerroan jarri nahi dute Korrika honen bidez. 

Oraingo honetan, Errigora omenduko dute, "euskaratik, euskararentzat eta euskaraz" egiten ari den lanagatik eta "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko".

Korrikak badu abestia, "Xiberutikan Mendebaldera" izenekoa, Pello Reparazek sortua eta Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin batera egina, bideoklipa baita eta koreografia ere bai, korrika.eus atarian ikus dezakezue, gainerako xehetasunekin batera.

Laguntzarako bideak
Korrika Laguntzaile izan zaitezke Korrikari 15 euroko ekarpena eginda. Trukean edizioko pina eta txartel birtuala jasotzen dira eta hainbat abantaila; asteroko zozketak, deskontuak AEKren ikastaroetan esaterako... Horrekin batera, Korrikaren materiala eskuratzeko aukera duzue oraindik online bidezko dendan, korrika.eus atarian. Erosketen azken eguna martxoaren 23a izango dela berri eman du AEKk.  Korrika Laguntzaile direnek gune pribatua izango dute Korrikaren aplikazioan, txartel pribatua izateko aukerarekin eta astero egin ohi dituzten zozketen jakinarazpenekin. 

Korrikaren bidez jasotako laguntza Euskal Herri osoko gau-eskolak eta euskaltegiak laguntzera bideratuko dute. Izan ere, "tamalez, bide luzea dugu aurretik, eta administrazioei dagokienez, esan behar dugu euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere".

Hunkitzera eta parte hartzera deitu gaitu AEKk Korrika egunetan eta lasterketa igaro ostean ere, "egunero, euskara gararen aldarria kontuan hartuta, euskararen eta euskal komunitatearen alde egitera". Izan ere, "euskararen etorkizuna jokoan dago, eta guztion esku dago eragitea".

24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…


Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete otsailaren 1etik aurrera.

Informazio gehiago:
korrika.eus

Antolatzailea: AEK.