Xabat Beloki, ostegunean Oiardora datorren Bera Berako entrenatzaile laguntzaile berria

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 18a

Bera Bera eskubaloi taldeak ostegun honetan, martxoaren 19an Oiardo kiroldegian entrenatuko du. Hitzordu horren atarian klubak entrenatzaile berria orain arteko prestatzaile laguntzailea izango dela jakin ostean, Jon Begiristain Agirre alegia, orain, hark utzitako lekua Xabat Beloki Segurola herrikideak beteko duela jakinarazi dute.



Lotura bikoitza izaten segiko du udalerri honekin Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeak. Aurreko denboraldian, erretiroa hartutako Esther Arrojeria Arantzazistroke zuen jokalarien artean, entrenatzaile laguntzailea berriz, 2023-24 denboralditik Jon Begiristain Agirre. Baina Imanol Alvarez prestatzaile nagusiak denboraldi amaieran taldea zuzentzeko ardurari uko egingo diola jakinarazi zuten iragan astean eta haren lekua hartuko duela hain zuzen Begiristainek.

Egun, Zilarrezko mailan aritzen den taldeko entrenatzailea ere badenak hurrengo bi denboraldietarako (2026-27 eta 2027-28) Bera Bera taldeko entrenatzaile nagusia izatea hitzartu du klubarekin.

Bi prestatzaile usurbildar
Azken orduotan aipatu taldetik jakinarazi dutenez , Begiristainek utzitako entrenatzaile laguntzaile postua orain, beste usurbildar batek beteko du; Xabat Beloki Segurolak hain zuzen. Egun, lehen nazional mailako C multzoan den Zumaiako Pulpo ari da entrenatzen. Aurrez, Urdaiagakoaren kasuan bezalaxe, Usurbil Kirol Elkartean aritu da zereginotan, Bera Berak gogorarazi moduan. "Xabat Beloki (Usurbil, 1998) Usurbil KEko maila guztietatik pasa zen eta oraindik gazte zela Lehen Nazionalean jokatu zuen bere herriko taldean, baina bere barnean berehala sortu zen entrenatzaile izateko grina. Horrela, Aiala Zarautz Zilarrezko nesken taldeko entrenatzaile laguntzailea izan zen 22-23an. Ondoren, Usurbilera itzuli zen talde seniorra gidatzeko, bigarren urtean Lehen Nazional mailara igotzea lortuz". Horrez gain, "Euskadiko emakumezkoen gazteen selekzioko bigarren entrenatzailea izan da Beloki Espainiako txapelketetan, Zilarrezko lau domina lortuz".

Hurrengo 2026-27 denboraldian "Bera Bera zuzenduko duen talde teknikoko kide izango da".

Bera Bera taldekoen entrenamendua Oiardon
Albisteon artean, Super Amara Bera Bera jokalarien taldea bera ere mintzagai dugu. Izan ere, Usurbil Kirol Elkartetik jakinarazi dutenez, ostegun honetan, martxoaren 19an, goizeko 11:00etan hasita Oiardo kirodegian entrenatuko du. "Maila goreneko jokalariak gertutik ikusteko aukera izango dute zaleek, eta entrenamenduaren ondoren, argazkiak eta sinadurak jasotzeko tartea ere izango da", jakinarazi du Usurbil K.E.-k.

Haren kirol zuzendari Julen Nazabalen esanetan, “oso berezia da guretzat halako talde bat Usurbilen entrenatzen ikustea. Bera Berako jokalari askok nazioarteko mailan jokatu dute eta mundu mailako txapelketetan parte hartu dute; beraz, maila goreneko eskubaloia gertutik ikusteko aukera paregabea izango da”.

Entrenamendu publiko honek Usurbil K.E.-koen esanetan, "aukera ederra eskainiko die eskubaloi zaletu guztiei, eta bereziki haurrei, taldeko jokalariak nola entrenatzen duten gertutik ezagutzeko. 12:30etik aurrera, entrenamendua amaitutakoan, zaleek aukera izango dute argazkiak ateratzeko, baloiak sinatzeko eta jokalariekin momentu bereziak partekatzeko".

Hitzorduan bertan izango da "Jon Begiristain (gaur egun 2. entrenatzailea eta datorren denboralditik aurrera lehen entrenatzailea izango dena) eta eskubaloi zale guztiek gure herrikidea agurtu eta zoriontzeko aukera izango dute".

Usurbil K.E.-ren kirol zuzendariaren esanetan, “herriko kirolarientzat eta gazteentzat erreferente handia da Jon. Urte askotan lan handia egin du eskubaloiaren alde, eta oso pozgarria da datorren denboralditik aurrera Bera Beraren lehen entrenatzaile izatea. Hemendik zorionik beroenak bidali nahi dizkiogu”.

Osteguneko hitzordura joateko gonbita egin dute Usurbil K.E.-tik. "Animatu nahi ditugu herritarrak, eta bereziki etxeko txikiak, entrenamendua ikustera etortzera. Halako egunak inspirazio handia izan daitezke gazteentzat: jokalari profesionalak nola entrenatzen diren ikusi, argazkiak atera eta kirolaz gozatzeko aukera izango dute. Aukera bikaina da eskubaloi zaletuentzat eta etxeko txikienentzat batez ere, Gipuzkoako emakumezkoen talde onena hurbiletik ikusteko eta animatzeko! Ez galdu!”.

Ez da halako prestakuntza saio bat Usurbilen egiten duten lehen aldia. 2024ko martxoan ere bertan izan zen.