650 Usurbil Bizi

Bertan ekoitzitako sagardoa dastagai, datorren bisita gidatuetako batek

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 18a

650 Usurbil Bizi herri egitasmoak martxoaren 28rako bisita gidatu berezia antolatu du Arratzain baserrira; bertan, Usurbilgo sagarrarekin eginiko sagardo berria dastatu ahalko da.

Bisita gidatu erakargarri askoa prestatu dute 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko kideek martxoaren 28rako; Usurbilgo sagarrarekin egindako sagardo berria dastatzeko hitzorduan parte hartzeko aukera izango da hilaren 28an, goizeko 10:00etan Sagardoaren plazatik abiatuko den ibilaldian. Albiste honi atxikitako argazkian dituzue ekoizpen lan horretan parte hartzen ari diren herrikideak. Guztira, 2.500 bat litro ekoitzi dituzte, 3.000 bat botila betetzeko lain izan dute. Iazko Sagardo Egunaren ondotik jasotako proposamenaren harira, hutsetik sagarretik sagardorako bidea egiten murgildu ziren. Eremua garbitu abuztuan eta gero, "eroritako sagar txikia kendu genuen irailean". Eroritako sagar berria jaso zuten ondoren, "zuhaitzak astinduz hartutakoak". Hiruzpalau saioen ostean, sagar zakuak egiteari ekin zioten. "Aialde Berrira saldu genuen, sosak lortzeko".

Zer nolako sagardo berria ekoitzi duten galdetuta, dastaketarako barrikotea antolatu zuten elkartean, baina goizegi, "kanpoko sagardotegietatik ekarritako botilekin. Gero, jada, hemengoa probatzen joan ginen. 50 bat litroko barrika batzuk genituen probatzeko. Horiek pattalxeago etorri dira baina gainerakoekin oso gustura gaude". Gustura bai emaitzarekin, baita eginiko ibilbide osoarekin ere. "Aukera ederra izan da ikasteko eta aitzakia ere afari bat baino gehiago egiteko". Transmisio ariketa bat ere izan da. Sagardotegietatik kanpo, badira herrian edari hau ekoizten dutenak. Iraganean gehiago ziren, halere, etxerako ekoizpen lan horretan aritzen zirenak. Baina errelebo faltak gutxiarazi du auzolan horretan jardundakoen kopurua. Kasu honetan, ordea, haria etetea saihesten ari dira Arratzain aldean, Sagardo Eguneko parte hartzaileen eta herrikide gehiagoren artean. "Inoiz ikusi gabeko prozesua izan da, polita. Asko ikasi dugu". 

Etxean bezala
Prozesu honetan, bidelagun izan dituzte Arratzaingoak ere. Eskerrak helarazi nahi dizkiete. Izan ere, "guztia jarri digute; haien jakintza, tresneria... Etxeko atea ireki digute, barru-barruraino sartzen utzi. Etxean bezala sentiarazi gaituzte. Oso jende jatorra da". Horrekin batera, esperientzia honek talde barruan harremantzeko ere balio izan diela gaineratu digute. 

Egindako lana jendaurrean hilaren 28ko bisita gidatu bidez erakusteari buruzko iritziaz galdetu diegu. "Sagardoa ez da edari soila, gure kulturaren parte da eta hala ulertuz, halako ekimenak antolatzea ondo dago. Asko ikasi daiteke". Gaineratu digutenez, "interesdunak etorriko dira eta, agian, hurrengo urtean laguntzarako esku gehiago izan ditzakegu". Izan ere, hurrengo kanpainara begira ere badira. "Datorren urteko Sagardo Egunean postua jartzeko ilusioz gara. Guk egindako sagardoa herrira eramatea, oso polita litzateke", iragarri dute. Izenik ez dute ekoizle gisa, hautaketa prozesuan direla jakinarazi digute. Haien lana ezagutzeko aukera izango da hilaren 28ko bisita gidatuan. Izena dagoeneko 650usurbilbizi.eus atarian eman dezakezue.

Usurbilgo Sagardo Kultura: ibilbide gidatua
Eguna: martxoak 28, larunbata.
Abiatzeko hitzordua: 10:00, NOAUA! K.E.-ren egoitzaren ondoko Sagardoaren plaza.
Zehaztasunak: "Usurbilek historia izugarria du sagardoaren inguruan: ontzigintza, sagastiak, eta abar. Paisaian ikusi eta sumatu daiteke historia hori oraindik ere. Batetik 6 sagardotegi dituelako. 6 sagardotegi desberdin, istorio eta izaera desberdinekin. Bestalde etxean sagardoa egiten duten baserriak daude, historia eta orainaldia uztartzeaz gain, bestelako ikuspegi eta balioak ere gehitzen dizkigutelarik.

Bisita gidatu honetan sagardoaren historia eta edari honen ingurukoak (sagastiak, sagarrak…) azalduko ditugu. Sagastietan barrena ibiltzen garen bitartean, Usurbilgo sagardo-kultura ezagutuko dugu. Geldialdi berezia egingo dugu, gainera: Arratzain baserria bisitatuko dugu. Bertan herriko gazte-kuadrilla baten egitasmoa ezagutuko dugu; sagardoa lehenengo aldiz Arratzain baserrian nola egin duten azalduko dute. Bisitaren bukaeran, beraiek egindako sagardo berria dastatuko dugu mokadutxo batekin batera.

Hiru orduko ibilbidea izango da gutxi gorabehera menditik barrena, 5 kilometro egingo ditugu guztira, beraz oinetako egokia ekartzea beharrezkoa da. Ezin da txakurrekin etorri ibilbidean abereak daudelako.

Adi! EZ da ibilbide irisgarria".


Gehienezko bisitari kopurua: 14.
Erreserbak: 650usurbilbizi.eus
Antolatzailea: 650 Usurbil Bizi.