Heldu da eguna! Bi urtez zain izan ostean, hunkidura eta zirrara itzela eragingo digun euskararen aldeko etengabeko hamaika eguneko lasterketa hastera doa! Ostegun honetan izango da, martxoaren 19an Zuberoako Atharratzen. "Euskal Herriko jendarteak hitzordu garrantzitsua du Atharratzen; izan ere, “Euskara gara” lelopean, KORRIKA, 40 urte geroago, berriz abiatuko baita bertatik, arratsaldeko 15:30ean".
Behar bezalako abiatzea izateko, jaialdia antolatu dute bertan. Sei gune izango dira eta horietan guztietan ez da faltako musika, jan-edan edota haurrei zuzenduriko ikuskizunik. Halere, une gogoangarriena arratsaldeko 15:00etan helduko da herriko plazan egingo duten ekitaldi nazionalarekin. Une horretan, "AEKideek eta Xiberoko euskalgintzako Oihana Larrandaburuk hastapena emanen diote lasterketa erraldoiari, dantzari eta txalapartari zuberotarrek lagundurik". Mezua lekuko barruan sartu eta arratsaldeko 15:30etan abiatuko da ofizialki 24. Korrika. "Lehen kilometroko lekuko-hartzea Euskal Irratiek eginen dute. Haiek, AEKren gisara, 90.hamarkadatik egiten dute lan euskararen alde, eta ezinbesteko tresna dira egunerokotasunean, Iparraldean euskaraz bizi den ororentzat".
"Aktibazio linguistikorako tresna"
Antolatzaileen esanetan, "Xiberoak protagonismo osoa ukanen du ostegun honetan, AEKko gau eskolek, herriko eragileek eta Basabürüko laguntzaile guziei esker. Hainbat hilabetez lanean ari izan ondotik eta auzolan erraldoi bati esker, martxoaren 19an Atharratze prest izanen da 24. KORRIKAra jinen diren herritar guziei behar bezalako harrera egiteko. Bertan, herriko euskaldun eta euskaltzale guziek topo egiteko aukera ezin hobea izanen da, euskararen aldeko besta ederrean. Basabürüan, euskararen egoera larria den arren, 24. KORRIKAk erakutsiko du bertan euskararen transmisioa eta erabilpena ez direla eten, euskaraz bizitzeko nahia badela. Espero dugu euskararen aldeko besta erraldoia helduen aktibazio linguistikorako tresna izanen dela".
Zuzenean
Ipar Euskal Herrian laneguna dute gaur, Hego Euskal Herrian jaieguna izango da askorentzat eta bat baino gehiago izango dira bisitan ostegun honetan, Atharratzen. Bertara joan eta hasiera une hori bizi ezin izan duenak lasai egon daiteke, telematikoki, online zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango baitu, euskal hedabideen arteko lankidetzari esker.
Albiste honi atxikitako EITBren seinaledun bideoan klikatuta, Atharratzeko 24. Korrikaren hasiera ekitaldia osorik eta zuzenean ikusi ahalko duzue.