24. Korrika

Korrikaren hasiera eta egunotako lasterketa, NOAUA! bidez ere zuzenean

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 18a

Euskal hedabideen arteko lankidetzari esker, ostegun honetan, martxoaren 19an hasiko den 24. Korrikaren hasiera ekitaldia nahiz hilaren 29ra arteko lasterketa eta amaiera zuzenean ikusi ahal izango dituzue, baita NOAUA! bidez ere.

Egun bat, egun bakarra baino ez, bi urtez itxarondako zirrara eta hunkidura berriz sentitzen hasteko. Ostegun honetan bertan, martxoaren 19an, ekingo zaio herria batzen duen 24. Korrikari Zuberoako Atharratzen. Arratsaldeko 15:00etan egingo da hasiera ekitaldia eta orduerdi geroago abiaraziko dute ofizialki lasterketa bera. Bat zein bestea zuzenean ikusteko aukera izango duzue, baita NOAUA! bidez ere, albiste honi atxikitako bi bideoen bidez.

Euskal hedabideen lankidetzari esker eskainiko da Korrikaren hasiera nahiz hilaren 29ra arteko lasterketa 24 orduz zuzenean, baita ekimen honen Bilboko amaiera ekitaldia ere.

Helmugara ailegatu baino lehen, abiaputura itzulita, hasiera jaialdi baten baitan emango zaio hasiera AEK laguntzera bideraturiko ekimenari. Segidan duzue egitaraua. Sei gune egokitu dituzte Atharratzen, goizetik gauera luzatuko den jaialdirako. Ez da faltako musikarik, jan-edanik ezta kale giroa piztuko duen ikuskizunik ere.

Gogoan izan, bestalde, 24. Korrika hilaren 25ean helduko dela gure artera. Horren harira antolaturiko ekitaldi zikloaren berri duzue segidan. Xehetasun gehiago, bihar, Korrikaren hasieraren harira, atari honetan bertan.

24. Korrika
Martxoak 19, osteguna
24. Korrika Zuberoako Atharratzetik abiatuko da martxoaren 19an.


Martxoak 24, asteartea
Arratsaldez, Korrika Txikia Udarregi ikastolan.


Martxoak 25, asteazkena
Egun osoan zehar, Udarregin Korrika Festa.

13:37-14:47
24. Korrika Usurbildik.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.

17:00 Frontoian txokolatea eta bizkotxoak.

Arratsaldean, Korrika Txikia Zubietan.


Martxoak 26, osteguna
19:00 Imanol Epelderen "Zerbait sartu zait begian" Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: ""ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea da. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez.. Eszenan artista bakarra, pantaila eta musika...  Garai aldakor hauek bizitzeko modua da asmatu ezin duguna. Umorez eta irmotasunez, garai hauek kantatzera eta kontatzera datorren jendaurrekoa da ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN".
Sarrerak: 6 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Korrika Batzordea eta Usurbilgo Udala.


Martxoak 28, larunbata
12:00 Korrikari eskainitako kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.


Martxoak 29, igandea
18:00 23. Laburbira Sutegin.
Zehaztasunak: "LABURBIRA, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da eta aurten bere 23. edizioa beteko du. Martxoaren 1etik 29ra bitartean eskainiko da Euskal Herriko areto ezberdinetan eta Usurbilen martxoaren 29an ikusiko ditugu ondorengo film laburrak:
Fishy - June Asua Olabarria/Hortzikara - Ane Cuesta/Geratzen den hori - Aitor Gametxo Zabala/Olentzerori eskatu nion - Amaia San Sebastian Larzabal/Erreka zoko hortan - Ekaitz Bertiz/Orain zer? - Ainhoa Urgoitia/A-Maniki - Elixabet Nuñez. Ondoren zuzendari batekin solasean aritzeko aukera izango dugu".
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.