24. Korrika

[ZUZENEAN] Asteburu osoan Korrikak Nafarroan egingo duen bidea hemen ikusgai

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 20a

Lehen orduetan Ipar Euskal Herrian barrena ibili ostean, Nafarroan barneratu da ostiral goizalde honetan 24. Korrika eta bertatik irten gabe emango du asteburu osoa. Euskararen aldeko lasterketa 24 orduz zuzenean jarraitzeko aukera duzue albiste honi atxikitako bideoaren bidez.

Abian da atzotik 24. Korrika! Bost egun baino ez gure artera heltzeko. Aurretik, atzo Zuberoako Atharratzetik abiatu eta lehen orduak Ipar Euskal Herrian barrena egin ostean, ostiral goizalde honetan Nafarroan sartu da euskararen aldeko lasterketa eta asteburu honetan bertan segiko du.

Ostegunean 15:30etan Atharratzen hasi zen. Lehen kilometroan "AEK-KORRIKAk goraipatu nahi izan du Ipar Euskal Herrian euskarazko kazetaritzak euskararen normalizazioan egiten duen lana". Horregatik, "Euskal Irratietako Irulegiko Irratiko Xarlot Etxeberrik eta Euskal Irratien lehendakari den Ximun Carrerek" eraman zuten lekukoa lehendabiziko kilometroan, "banderolaren gibelean ziren beste irratietako ordezkariek segiturik"; "Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegi Irratia, Amikuzeko Irratia eta Antxeta Irratiko langile eta laguntzaileek ere garraiatu baitzuten lekukoa Korrikaren hasieran.

Nafarroan gaurtik
Arratsaldean zehar, Zuberoako hiriburu Maule zeharkatu ostean, Lapurdiraino heldu da bart Korrika, Behe Nafarroako Donapaleutik barrena. Lapurdiko Hazparne eta Lekornetik igaro ostean, goizaldean Behe Nafarroako hiriburu Donibane Garazira heldu da. Handik Nafarroara sartu da Orreaga aldetik barrena. Garralda, Abaurrepea, Ezkaroze, Itzaltzu, Uztarotze, Erronkari, Burgi, Nabaskoitze, Domeñu, Irunberri, Zangoza eta Oibar zeharkatuko ditu 24. Korrikak gaurkoan.

Larunbatean eta igandean ere, martxoaren 21ean eta 22an ere herrialde berean segiko du euskararen aldeko lasterketa erraldoiak. Larunbatean, erriberaraino jaitsiko da; besteak beste, igandean, Iruñerria eta Lizarraldea zeharkatuko ditu, astelehenean Arabara heldu aurretik.

Gogoan izan, atzotik egin bezala, Korrika amaitu arte, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarrai dezakezuela 24 orduz euskal hedabideen arteko lankidetzaren baitan, EITBren seinaledun streaming bidez, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. Bertan, besteak beste, zuzenean ikusi ahalko duzue baita 24. Korrikak martxoaren 25ean Usurbildik barrena egingo duen bira.

Aplikazioa eskugarri
Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.

24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.

Usurbilen
Martxoak 25, asteazkena: 13:37-14:47 (Zubietako hipodromotik Aginagako Mapilera).

Eskualdean
Martxoak 24, asteartea:
00:13 Andoain.
00:56 Urnieta.
01:20 Hernani.
02:04 Astigarraga.

Martxoak 25, asteazkena:
12:54 Lasarte-Oria.
13:37 Usurbil.

Hiriburuetan
-Martxoak 19, osteguna: 17:00 Maule.
-Martxoak 20, ostirala: 03:03 Donibane Garazi.
-Martxoak 22, igandea: 11:48 Iruñea.
-Martxoak 24, asteartea: 21:44 Baiona.
-Martxoak 25, asteazkena: 07:43 Donostia.
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.

Herrialdez herrialde
Martxoak 19, osteguna: Zuberoa-Nafarroa Beherea-Lapurdi.
Martxoak 20,  ostirala: Nafarroa Beherea-Nafarroa.
Martxoak 21, larunbata: Nafarroa.
Martxoak 22, igandea: Nafarroa.
Martxoak 23, astelehena: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa.
Martxoak 24, asteartea: Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi.
Martxoak 25, asteazkena: Lapurdi, Gipuzkoa (13:37an Usurbilen), Bizkaia.
Martxoak 26, osteguna: Bizkaia.
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.

Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa