Bidean da 24. Korrika atzo Zuberoako Atharratzen abiatu ostean. Milaka euskaltzale batu zituen, zirrara, emozio itzela eragindako hitzorduak. Goizetik abiatutako festa eta aldarrikapen egunaren baitan, hunkidura handiena eragindako unea arratsaldeko 15:00ak pasatxoan heldu zen, hasiera ekitaldiarekin. Xiberoko dantzariek eta Mikel eta Paxkal Indo txalapartariek girotu zuten hasiera ekitaldian, Bilboraino eskuz esku helduko den lekukoaren baitan, Bizkaiko hiriburuko helmugan irakurri eta ezagutaraziko diguten mezu sekretua sartu zuen Korrikaren arduradun Ane Elordik.
Hitza hartutakoen artean izan ziren, Sohütako ikastolako zuzendari Oihana Larrandaburu. Gogoan hartu nahi izan zuen, "debekuz debeku, borrokaz borroka hainbeste jenderen lana". Duela 40 urte Korrika Atharratzetik abiatu ostetik, gaur arte Basabürüa ez du zeharkatu berriz atzora arte. Edizio honek abiapuntu hori izango zuela jakin zutenetik, pozarren eta harro sentitu direla adierazi zuen Larranburuk.
Euskarak “behar duen lekua hartu behar duela” azpimarratu zuen, eta eskerrak eman zizkien "belaunaldiz belaunaldi euskararen alde “inurri” lana egiten ibili diren guztiei, haiei esker eüskara giralako”.
Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakari Maider Heguyk eta AEKren Nazio Kontseiluko kide Bixente Claveriek hartu zuten hitza baita. Adierazpen hau plazaratu zuten:
AEK-ren Korrikaren hasierako adierazpena
Arratsalde on, Euskal Herria!
Arrestiri hon, Atharratze eta Basabürüa!
1985eko maiatzaren 31n, hemen bertan, Atharratzen, 4. Korrika abiatu zen. Lehen kilometroa Jakes Agergaraik eraman zuen, langabetuen kolektiboaren izenean; ondotik, Solange Chimixek, Xiberoko ikastolen izenean. Eta horrela, 2080 kilometro egin eta gero, Iruñean bukatu zen.
Eta gaur, berriz ere, Basabürüan gara!
Bai, gaur Xiberoan besta-eguna da... ... baina aldarrikapen-eguna ere bai! Gaur, Atharratzetik Bilboraino eramanen gaituen ibilbideak badu zenbait parekotasun gure hizkuntzarekin: herri oso bat zeharkatzea, herri oso bat lotzea, eta herri oso bat bizirik sentiaraztea. Eta, kilometroz kilometro, «EUSKARA GARA» oihukatuko dugu.
Trufa badirudi ere, 24. KORRIKAren atarian azpimarratu nahi dugu AEKk lehengo behar berberak dituela: euskararen aldeko kontzientzia piztea eta AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea.
Zoritxarrez, egungo marko administratiboek ez dute bermatzen Euskal Herri osoan euskaraz bizitzeko aukera, eta helduen euskalduntzea finantziazio ezegonkor eta murriztaileen menpe dago.
Euskararen egoera larria da, eta jauzi politiko eta estruktural bat behar da, euskararen minorizazioa gainditzeko; ofizialtasun falta, oldarraldi judiziala eta instituzioen atzerapausoak euskararen garapena oztopatzen ari dira.
Horren aitzinean, helduen euskalduntzea ardatz nagusi bihurtu behar da, doakoa eta unibertsala izanik.
Euskararen Erakunde Publikoak 2024ko ekainean adierazi zuen moduan, «Iparraldean, 2050erako 40.000 euskaldun gehiago beharko lirateke, Ipar Euskal Herrian hiztun-kopurua % 30era iristeko».
Ea! AEKn, apustua onartzen dugu!
Baina, horretarako, baldintzak beharko dira: lidergo politikoa, hizkuntza-politika sendoa eta baliabide errealak.
Alabaina, Korrika ez da kilometroak egitea soilik, ez da lekukoa eskuetatik eskuetara pasatzea bakarrik: engaiamendua da, euskararen aldeko engaiamendua!
Eta 24. Korrikan, argi diogu: EUSKARA GARA!!!!
EUSKARA, gure identitatea. Euskara gara gu, eta gu gabe ez dago euskararik.
Horregatik gaude hemen, gaur eta beti, euskara defendatzeko, maitatzeko eta transmisioan segitzeko.
Iparraldetik Hegoaldera eginen dugun bide honek erakutsiko du euskarak ez duela mugarik.
Korrikaren erritmoan, ttipi-ttapa, herri bakoitza euskararen plaza bihurtzen da; pertsona bakoitza, hizkuntzaren zaindari tipi baina indartsu.
Eta argi esaten dugu: hizkuntza hau ez da geldituko.
Eramanen dugu aitzina, emanen diogu bizia: lanean, eskoletan, karrikan, sare sozialetan, lagunartean, musikan, ametsetan...
Eta Bilbon bukatzen denean, ez da azken kilometroa izanen, ezta azken oihua ere.
Korrika finitzen denean, berriz hasiko da: ikasgelan, ostatuetan, familia-bazkarietan, kantu berrietan.
EUSKARA GARA, eta ez da sekulan geldituko.
Orain kamioneten motorrak piztuak dira, laster 24. Korrika abiatuko da eta, aldi honetan, lehen kilometroan lekukoa eramanen duen elkartea: EUSKAL IRRATIAK, Ipar Euskal Herriko euskarazko irratiak biltzen dituen sarea.
Iparraldean, gure etxe eta artegietan osoki euskaraz emititzen duten irratiei, milesker!
Milesker Gure Irratiari, Xiberoko Botzari, Irulegiko Irratiari, Amikuzeko Irratiarieta Antxeta irratiari.
Bihotzetik milesker euskararen normalizazioan eramaten duzuen lanarengatik, kalitatezko informazioa eskainiz.
Azken Korrikan, Garazi ARRULAk zera idatzi zuen: «Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten».
AEKn, badakigu sua egiten.
Beste behin, hamaika egunez piztuko da Korrikaren garra, eta EGIN DEZAGUN SUA!!!
Besarkada bat goitik begiratzen gaituzten gure AEKide guziei!
Milesker handia lehen egunaren antolaketan parte hartu duzuen Basabürüko lagunei!!
EUSKARA GARA!!!
GORA 24. KORRIKA!!!