40 ordutik gora darama jada ostegunean, Atharratzen hasitako 24. Korrikak. Haur, gazte, heldu, korrika dabil, lagunartean, familian, bizikleta gainean, bikotean, mozorrotuta, bakarrik... baina euskara den jendartean, irribartsu, festa giroko 24 orduko aldarrikapen martxan.
Lehen orduetan Ipar Euskal Herrian barrena ibili ostean, ostiral goizaldeaz geroztik Nafarroa zeharkatzen ari da 24. Korrika. Pirinioetatik gertuen geratzen den eremua igaro ostean, hegoalderantz jo du azken orduotan, euskararen aldeko lasterketa erraldoienak. Larunbat honetan, martxoaren 21ean, erriberan ibiliko da tipi-tapa. Goizaldean, Tafalla, Erriberri edota Kaparrotsun eta hurrengo orduotan Tuteran, Cintruenigon, Corellan, Castejonen, Cadreitan, Milagron, Azagran, San Adrianen, Andosillan, Carcarren, Lodosan, Lerinen... barrena ibiliko da.
Handik, gero, iparralderantz joko du. Larragan agurtuko du eguna euskararen aldeko lasterketak larunbat hau. Izan ere, igande goizaldean Iruñerrian sartuko da. Bihar, martxoaren 22an hain zuzen, Nafarroan egingo du eguna, astelehenean Araban sartu aurretik. Mendigorrian hasiko du igandea, gauerdia pasa berritan. Gares, Obanos, Eneritz, Noain, Eskirotz, Zizur Nagusia, Barañain, Berriozar, Markalain, Eguarats... zeharkatuko ditu eta Iruñeara helduko da eguerdi partean. Iluntzean; Lizarraldera joko du.
Gogoan izan, Atharratzen hasi ostetik Korrika Bilbon amaitu arte, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarrai dezakezuela 24 orduz euskal hedabideen arteko lankidetzaren baitan, EITBren seinaledun streaming bidez, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. Bertan, besteak beste, zuzenean ikusi ahalko duzue baita 24. Korrikak martxoaren 25ean Usurbildik barrena egingo duen bira.
Aplikazioa eskugarri
Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.
24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.
Usurbilen
Martxoak 25, asteazkena: 13:37-14:47 (Zubietako hipodromotik Aginagako Mapilera).
Eskualdean
Martxoak 24, asteartea:
00:13 Andoain.
00:56 Urnieta.
01:20 Hernani.
02:04 Astigarraga.
Martxoak 25, asteazkena:
12:54 Lasarte-Oria.
13:37 Usurbil.
Hiriburuetan
-Martxoak 19, osteguna: 17:00 Maule.
-Martxoak 20, ostirala: 03:03 Donibane Garazi.
-Martxoak 22, igandea: 11:48 Iruñea.
-Martxoak 24, asteartea: 21:44 Baiona.
-Martxoak 25, asteazkena: 07:43 Donostia.
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.
Herrialdez herrialde
Martxoak 19, osteguna: Zuberoa-Nafarroa Beherea-Lapurdi.
Martxoak 20, ostirala: Nafarroa Beherea-Nafarroa.
Martxoak 21, larunbata: Nafarroa.
Martxoak 22, igandea: Nafarroa.
Martxoak 23, astelehena: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa.
Martxoak 24, asteartea: Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi.
Martxoak 25, asteazkena: Lapurdi, Gipuzkoa (13:37an Usurbilen), Bizkaia.
Martxoak 26, osteguna: Bizkaia.
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.
Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa
