24. Korrika

[ZUZENEAN] Azken eguna Korrikak Nafarroan, 24 orduz ikusgai

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 22a

Hirugarren eta azken eguna izango du gaurkoa 24. Korrikak Nafarroan. Iruñea edota Lizarratik igaroko da, astelehen goizaldean edizio honetan estreinakoz Araban sartu aurretik. Euskararen aldeko lasterketa 24 orduz zuzenean jarraitzeko aukera duzue, albiste honi atxikitako bideoaren bidez.

Milaka lagun batu dira dagoeneko, ostegun arratsaldean Atharratzen abiatu zenetik 24. Korrikara. Ipar Euskal Herria zeharkatu ostean, Nafarroan ibili da ostiralaz geroztik. Igande honetakoa, martxoaren 22koa izango du hain zuzen, azken eguna lasterketak herrialde horretan. Larunbatean erriberatik barrena ibili ostean, Iruñerrian edota Lizarra inguruetan barrena ibiliko da Korrika gaurkoan.

Mendigorrian hasi du igandea, gauerdia pasa berritan. Gares, Obanos, Eneritz, Noain, Eskirotz, Zizur Nagusia, Barañain, Berriozar, Markalain, Eguarats... zeharkatu ostean, Iruñeara helduko da eguerdi partean. Iluntzean, Lizarra aldera joko du.

Gogoan izan, Atharratzen hasi ostetik Korrika Bilbon amaitu arte, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarrai dezakezuela 24 orduz euskal hedabideen arteko lankidetzaren baitan, EITBren seinaledun streaming bidez, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. Bertan, besteak beste, zuzenean ikusi ahalko duzue baita 24. Korrikak martxoaren 25ean Usurbildik barrena egingo duen bira.

Aplikazioa eskugarri
Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.

24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.

Usurbilen
Martxoak 25, asteazkena: 13:37-14:47 (Zubietako hipodromotik Aginagako Mapilera).

Eskualdean
Martxoak 24, asteartea:
00:13 Andoain.
00:56 Urnieta.
01:20 Hernani.
02:04 Astigarraga.

Martxoak 25, asteazkena:
12:54 Lasarte-Oria.
13:37 Usurbil.

Hiriburuetan
-Martxoak 19, osteguna: 17:00 Maule.
-Martxoak 20, ostirala: 03:03 Donibane Garazi.
-Martxoak 22, igandea: 11:48 Iruñea.
-Martxoak 24, asteartea: 21:44 Baiona.
-Martxoak 25, asteazkena: 07:43 Donostia.
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.

Herrialdez herrialde
Martxoak 19, osteguna: Zuberoa-Nafarroa Beherea-Lapurdi.
Martxoak 20,  ostirala: Nafarroa Beherea-Nafarroa.
Martxoak 21, larunbata: Nafarroa.
Martxoak 22, igandea: Nafarroa.
Martxoak 23, astelehena: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa.
Martxoak 24, asteartea: Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi.
Martxoak 25, asteazkena: Lapurdi, Gipuzkoa (13:37an Usurbilen), Bizkaia.
Martxoak 26, osteguna: Bizkaia.
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.

Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa