24. Korrika

[ZUZENEAN] Usurbila heldu bezperatan, Arabatik Beterri Buruntzarantz dator gaur 24. Korrika

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 23a

Asteburuan Nafarroa zeharkatu ostean, astelehen goizalde honetan Araban sartu da 24. Korrika. Tartetxo batez, Nafarroako Sakana inguruak zeharkatu eta gero, Gipuzkoara helduko da gauerdia baino lehen. Gauerdia pasata, Beterri Buruntza eskualde honetan sartuko da lehenbiziko aldiz. Asteazkenean, hilaren 25ean, Usurbila helduko den euskararen aldeko lasterketa erraldoia 24 orduz zuzenean jarraitzeko aukera duzue, albiste honi atxikitako bideoaren bidez.

Badator, gerturatzen doa, Korrikaren deiadarraren oihartzuna. Bi egun baino ez, 24. edizioko lasterketa gure artera iristeko. Asteazkenean, hilaren 25ean, 13:30ak pasatxoan sartuko da Zubietako hipodromoko zubitik eta Aginagako Mapileraino 11 kilometroetan zehar izango du lekukoa udalerri honek.

Badator, beraz, 24. Korrika. Asteburuan Nafarroan ibili ostean, astelehen goizalde honetan Araban sartu da eta bertan izango da eguerdi partera arte; Oion, Lekora, Lapoblación, Genebilla, Kanpezu, Maeztu edota Azazeta zeharkatu ostean, Nafarroako Sakana inguruan barneratuko da eguerdi partetik aurrera. Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Lakuntza, Uharte Arakil, Hiriberri, Irurtzun, Madotz, Astitz, Alli, Lekunberri, Lezaeta edota Betelu izango ditu hurrengo geltokiak.

Iluntzean, Gipuzkoan sartuko da Tolosaldeatik. Lizartza, Ibarra eta Amasa-Villabona zeharkatu ostean, gainera, Usurbil barne hartzen duen Beterri Buruntza eskualde honetan baneratuko da lehenbiziko aldiz. Izan ere, gauerdian Andoaindik (00:13) eta goizaldean Urnietatik (00:56), Hernanitik (01:20) eta Astigarragatik (02:04) igaroko da; gogoan izan, asteazkenean, hilaren 25ean, Lasarte-Oriatik (12:54) eta Usurbildik (13:37).

Bezperan, gaur bezala, asteartean ere, hilaren 24an, Gipuzkoan segiko du Korrikak. Oarsoaldeatik, tartetxo batez Nafarroa iparraldean sartuko da azken aldiz eta, segidan, Ipar Euskal Herrira itzuliko da azken aldiz ere.

Gogoan izan, Atharratzen hasi ostetik Korrika Bilbon amaitu arte, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarrai dezakezuela 24 orduz euskal hedabideen arteko lankidetzaren baitan, EITBren seinaledun streaming bidez, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. Bertan, besteak beste, zuzenean ikusi ahalko duzue baita 24. Korrikak martxoaren 25ean Usurbildik barrena egingo duen bira.

Aplikazioa eskugarri
Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.

24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.

Usurbilen
Martxoak 25, asteazkena: 13:37-14:47 (Zubietako hipodromotik Aginagako Mapilera).

Eskualdean
Martxoak 24, asteartea:
00:13 Andoain.
00:56 Urnieta.
01:20 Hernani.
02:04 Astigarraga.

Martxoak 25, asteazkena:
12:54 Lasarte-Oria.
13:37 Usurbil.

Hiriburuetan
-Martxoak 19, osteguna: 17:00 Maule.
-Martxoak 20, ostirala: 03:03 Donibane Garazi.
-Martxoak 22, igandea: 11:48 Iruñea.
-Martxoak 24, asteartea: 21:44 Baiona.
-Martxoak 25, asteazkena: 07:43 Donostia.
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.

Herrialdez herrialde
Martxoak 19, osteguna: Zuberoa-Nafarroa Beherea-Lapurdi.
Martxoak 20,  ostirala: Nafarroa Beherea-Nafarroa.
Martxoak 21, larunbata: Nafarroa.
Martxoak 22, igandea: Nafarroa.
Martxoak 23, astelehena: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa.
Martxoak 24, asteartea: Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi.
Martxoak 25, asteazkena: Lapurdi, Gipuzkoa (13:37an Usurbilen), Bizkaia.
Martxoak 26, osteguna: Bizkaia.
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.

Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa