24. Korrika

Zainzuriñeren eta Orburutxoren bila, Errigoraren Korrikarako erronka abian

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 23a

Adi, egunotako 24. Korrikaren ibilbideari eta haren 24 orduko zuzeneko emisioari. Izan ere, edozein kilometrotan agertu daitezke Errigoraren bi lagun berriak; Zainzuriñe eta Orburutxo. Asmatzen baduzue ze kilometrotan agertzen diren, "Eskutik Eskura" kanpaina bideratu berri duen egitasmoak antolaturiko oparien zozketan parte hartu ahalko duzue.

 

Bidelagun berri asko izango ditu ohi bezala, martxoaren 19az geroztik bidean den 24. Korrikak; horien artean, Orburutxo eta Zainzuriñe, Errigorako kideak hain zuzen.

Gogoan izan, 24. Korrikaren omendua dugu otsailaren 26tik martxoaren 18ra arte, "Eskutik Eskura" kanpaina berria martxan izan duen Errigora egitasmoa; Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuak eskuratzearen truke, bildutako irabazien laurdena tokiko euskalgintzara bideratzen duen ekimena.

Auzolanean bideratzen den herri egitasmo honen bi lagun berri aurkeztu dizkigute aurtengoan; albiste honi atxikiak dituzuen Tuterako Orburutxo eta zainzurien lurretakoa den Leringo Zainzuriñe.

Biek ala biek, albiste honi atxikitako egitasmo honen bideoaren bidez jakinarazi dutenez, "Errigoran parte hartzen dugu, auzolanean aritzea oso gustuko dugulako eta haren bidez, Euskal Herri osoko lagun pila bat egiten ditugulako".

"Joko bat proposatzera gatoz"
Korrikara begira hain zuzen, "erronka bat jarri dugute", jakinarazi dute Orburutxok eta Zainzuriñek.

"Korrika badator, eta Errigorari leku berezi bat eman nahi izan digute aurtengo edizioan", azaldu dute. Korrikaren 24. edizioko omendua izango da. Testuinguru horretan, "joko bat proposatzera gatoz". Guztiok izan gaitezke parte hartzaile. Adi; "gu biok egunero aterako gara Korrikara, baina sorpresa izango da, zein kilometroan aterako garen".

Horretara gonbidatu gaituzte, zein kilometroan aterako diren asmatzera. Asmatzaileen artean, Korrikak iraun artean, egunero, "sari bikainen zozketak" egingo dituztela iragarri dute.

Bat egiteko deialdi bikoitza
Lehiaketan parte hartzeko egin beharrekoa ere zehaztu dute dagoeneko. "Korrikaren aplikazioan sartu eta bideo kroniketara jo gu aurkitzera". Egun bakoitzean zein kilometrotan atera diren jakitean, gaueko 22:00etan hasi eta biharamuneko goizeko 10:00ak baino lehen, errigora.eus atarian sartu beharko da. Bertan, "kilometroaren zenbakia eta zure datuak sartuta irabazle izan zaitezke".

Erronka horretan parte hartzeko gonbita egin dute Orburutxok eta Zainzuriñek. "Egin bat gurekin eta batez ere, egin bat Korrikarekin! Agerren eremuan ere euskara gara".

Korrikaren aplikazioa jaitsi nahiz Errigorari buruzko informazio gehiago jasotzeko atariotara jo dezakezue:
korrika.eus
errigora.eus