24. Korrika

"Umorea ezinbesteko tresna bat da egunerokotasunari aurre egiteko"

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 24a

Geuretik Sortuak egitasmoari esker, Imanol Epelde zarauztarrak sormen egonaldi bat egin zuen
iaz Ajangizen eta Muxikan (Bizkaia). Orduan landutakoaren emaitza da 'Zerbait sartu zait begian'
ikuskizuna. Martxoaren 26an Sutegin ikus ahal izango dugu, Korrika Batzordearen eskutik.

'Zerbait sartu zait begian' ikuskizuna spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen antzezlan garaikidea da. Hala irakurri dugu hor nonbait. Beste modu batean esanda, hitza, musika eta irudia dira erreminta nagusiak.
Eta dena dramatizazio edo antzerki ukitu batekin landuta dago. Kantutik asko du ikuskizunak, baina antzerkitik ere bai.

Spoken word estiloa poesiarekin lotu izan da, eta hip-hop musika motarekin. Zure aurreko emanaldian, 'Etxepare RAP' izenekoan, antzeko estiloak baliatzen zenituen, ezta? Ez da hain arrotza zure ibilbidean.
Ni bertso eskoletatik nator. Bertsolaritzatik asko edan dut eta bertsolaritzatik rap-a gertu sentitu izan dut beti, oinarrian hitza daukalako. Hitz errimatua. Rap zale izatetik, 'slam poesia' deitzen zaion horretara asko gerturatu nintzen gero. Beti txunditu izan nau hitza bere soiltasunean entzun eta izan dezakeen indarrak. Eta hitzari musika eta irudia gehituz gero, oraindik eta indar handiagoa ematen zaiola iruditzen zait. Urteotan horretan aritu naiz, bai.

Musika elektronikoa zure deklamazioak egiteko baliatzen duzu, oinarri musikal gisa edo?
Bai, hori da. Gai jakin batzuen inguruko testuak osatu nituen lehenbizi. Testu horientzako musika behar nuen, oinarri horren gainean deklamatu ahal izateko; esan beharrekoa esan ahal izateko. Julen Idigorasek kantu bakoitzaren neurrira konposatu du musika eta ikuskizunetan hortxe aritzen naiz, musikaren gainean errezitatzen.

“Umorez eta irmotasunez, garai hauek kantatzera eta kontatzera datorren jendaurrekoa da Zerbait sartu zait begian”. Garaiak ez dira ordea, bereziki umoretsuak. Ahalegin berezia egin behar izan al duzu gidoiari forma eman ahal izateko?
Umorea baikortasunarekin lotzen dut nik, baina egia da egungo testuinguruak ezkortasunera jotzeko aukera asko eskaintzen dizkigula. Hala ere, uste dut bizitzaren aurrean izan beharreko jarrera bat badela, irmotasunarekin eta baikortasunarekin batera. Beste mundu hobe bat lortzeko ere, su hori piztuta izatea inportantea da. Alde horretatik uste dut umorea ezinbesteko tresna bat dela egunerokotasunari erantzuteko eta norbere buruari barre egiten jakiteko ere. Ez da ariketa erraza. Baina nik behintzat, horrela ulertzen dut sorkuntza eta horrela ulertzen dut bizitza bera ere bai.

Tematikari dagokionez, bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara hartu dituzu hizpide.
Bost atal nagusi ditu. Aurrenekoan, gaur egun denbora nola kudeatzen dugun, denboraren esklabu nola bihurtu garen,... horren inguruko hausnarketa batzuk egin ditut. Bigarren atalean, naturarekiko daukagun deskonexio kasik absolutuaz hitz egiten dut. Gero eta urbanizatuago gaude, gero eta errepide gehiago ditugu, gero eta hormigoi gehiago bazterretan... eta deskonexio horrek gure esentzian eragina du, gu naturatik gatozelako. Hirugarrenean, zoriontsunaren bilaketa amaigabean erreparatu dut. Kontsumo tentazioz betetako apalategiez inguratuta bizi gara, erosteak zoriontasuna ematen digula saldu digute, eta horren inguruko hausnarketa batzuk egin nahi izan ditut. Laugarrena maskulinitateari buruzkoa da, eta akaso hori izan da sortzen gehien kostatu zaidana. Azken atalean berriz, hizkuntzari buruzko gogoetak egiten ditut. Garai aldakor eta azeleratu hauetan, identitatea zein nortasuna definitzea gero eta zailagoa den honetan, niri hizkuntzak horretan egundoko laguntza ematen dit. Ezinbesteko aingura zait euskara, nor izateko gizabanako gisa, eta kolektibo bezala ere bai.

'Zerbait sartu zait begian' ikuskizuna eskainiko duzu martxoaren 26an Sutegin. Korrika igaro eta biharamunean. Aretoa ezaguna egingo zaizu. Zure saioa egiteko toki aproposa da, ezta?
Usurbil plaza berezia da niretzako. Ama nuen usurbildarra, Santuenea auzokoa. Familia handia daukat Usurbilen, beraz, etxean bezala sentitzen naiz bertan. Sutegiko auditorioari dagokionez, pare-pareko agertokia iruditzen zait, goxoa eta bildua, publikoa gertu sentitzeko modukoa. Usurbilek niretzat esan nahi duen guztia kontuan hartuta, kariño handiz antzeztuko dudan eguna izango da martxoaren 26koa, zalantzarik gabe. Gogotsu nago. Une honetan, agendan dudan plazarik bereziena izango da. Eta pertsonalena ere bai.

Martxoaren 26an Sutegin, 'Zerbait sartu zait begian' ikuskizuna
Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez... Eszenan artista bakarra, irudiez eta musikaz lagunduta.

Martxoak 26 osteguna
• 19:00etan, Sutegin.
• Oholtzan: Imanol Epelde.
• Sarrerak: 6 euro, usurbilkultura.eus plataforman.
• Antolatzaileak: Usurbilgo Korrika Batzordea, Udala.
• Sinopsia: "Bagara, baina ez dakigu oso ondo nor. Identitatea eraikitzea ez da erraza mundu azeleratu eta globalizatuan. Bagaude, baina ez dakigu oso ondo non. Hemen eta edonon egon gaitezke aldi berean. Bagoaz, baina ez dakigu oso ondo nora. Ez norbanako bezala, ez herri bezala. Garai aldakor hauek bizitzeko modua da asmatu ezin duguna. Umorez eta irmotasunez, garai hauek kantatzera eta kontatzera datorren jendaurrekoa da Zerbait sartu zait begian ikuskizuna".