2022ko urriaren 13tik 16ra ospatu zen azkenekoz Garagardo Azoka bat Usurbilen. Orduko hartan, Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k antolatu zuten elkarlanean. Eragileotako batek, herriko eskubaloi taldeak biltzen dituen Usurbil K.E.-k iragarri duenez, apirilaren 13tik 16ra egingo den Garagardo Azokaren edizio berria prestatzen ari dira.
"Aurten ere herrian giro paregabea sortzea dugu helburu. Musika, kirola, jan-edana eta lagunartea uztartuko dituen asteburua izango da", aurreikusi dute.
Egitarau oparoa osatu asmo dute. "Bazkariak eta afariak, kontzertuak, mus txapelketa, Errege Kopako finala ikusteko aukera… eta, gainera, asteburuko une berezietako bat izango da senior mutilen etxeko azken partida, Barakaldoren aurka, oso garrantzitsua eta denon babesa beharko duena", iragarri dute.
"Boluntario gehiago behar ditugu"
Ekimen hau auzolanean bideratu asmo dutenez, laguntza behar dute. Jada laguntzaile talde bat osatua duten arren, "antolaketa aurrera ateratzeko boluntario gehiago behar ditugu, batez ere azoka egunean bertan. Dagoeneko herritar batzuk animatu dira, eta benetan eskertzekoa da, baina oraindik jende gehiago behar dugu lanak ondo banatu eta guztia behar bezala atera dadin".
Zehaztu dutenez, egin daitekeen ekarpena askotarikoa izan daiteke. "Sukaldean, barran, muntaketa eta desmuntaketan, garbiketan… Guztion ekarpena garrantzitsua da; bakoitzak ahal duen heinean lagunduz gero, lana asko arintzen da".
Horregatik, boluntario gisa parte hartzeko deia egin dute. "Oraindik izena eman ez baduzu, animatu eta parte hartu. Denon artean egingo dugu Garagardo Azoka, eta ziur gaude aurtengo edizioa ere giro eta une ahaztezinez betea izango dela".
Interesdunek esteka honetan eman dezakete izena, boluntario gisa: https://docs.google.com/spreadsheets/d/1C-LTFXcAP3BB9egfIUph1TDn2bXfZ7FSCR4ocC_nh4E/edit?usp=sharing