Korrika Txikia deitzen diote baina handia, erraldoia izan da beste behin, Udarregi ikastolak, badatorren AEK-ren lasterketa nagusiaren atariaren bezpera honetan antolaturikoa. Giro eguzkitsu eta ederrean plazaratu dira Udarregi ikastolako HH-ko eta LH-ko ikasleak eta irakasleak euskararen alde direla deiadar egitera.
Astearte honetan, martxoaren 24an izan da, bazkalostean. 15:15ak pasatxoan abiatu dute Korrika Txikia Ugartondotik. Kalezarko erdigunea zeharkatu dute gero, Belmonte kaletik barrena. Handik Eguzkitzaldera jaitsi dira eta Errekatxikitik Puntapax kalera jo dute. Artzabal inguratu ostean, Munalurrara igo dira eta handik ikastolako bi eraikinak zeharkatuta Bordatxo taberna pareko biribilgunera jaitsi, udaletxe ondotik igaro eta azken metroak egin dituzte frontoiko helmugarantz.
Ibilbide osoan zehar, eskuz esku ibili dute haien lekukoa. Ikasle helduenek hartu dute Ugartondon eta mailaz maila LH6tik HH3raino helarazi dute, aurrez finkatuak zituzten guneetan. Hala, LH6koek Ugartondon hasitako ibilbidera batu dira gero, LH5ekoak Kalezarko plazan, LH4koak eta 3koak Errekatxiki kale inguruan, LH3koak Puntapaxen, LH 1ekoak Munalurran, HH5ekoak Agerialde parean, HH4koak eta 3koak, azkenik, herri erdigunean.
Bistan denez, euskararen aldeko olatua hazten joan da etenik gabe eta amaieran, ezin jendetsuagoa bilakarazi dute. Aipatu moduan, beste behin, Korrika Txikia euskararen aldeko deiadar handian bihurtu du Udarregi ikastolak.