24. Korrika

Kantuan egin diote gorazarre euskarari, Korrika Txikiaren amaieran

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 24a

Korrika Txikiaren amaieran, kantari aritu dira Udarregi ikastolako HH eta LHko ikasle eta irakasleak. Euskaratik eta euskararentzat jardun dute frontoian astearte arratsalde honetako, 24. Korrika gure artera heldu aurreko bezperan eskainitako emanaldian.

Dena eman dute, zuten guztia euskararen alde plazaratu eta herrian barrena lasterka egiteko. Euskararen aldeko deiadarra ez da itzaldu, helmugaratu direnean. Izan ere, astearte honetan, martxoaren 24an Udarregi ikastolak eginiko Korrika Txikia kantu giro ederrean borobildu dute herriko frontoian. Ezagunak ditugun abestiekin girotu dute unea. Denek bazuten lotune bat; euskarari gorazarre egindako sorkuntza lanak ditugu; tartean, azken egunotan maiz entzuten ari garen 24. Korrikaren abesti ofiziala. Kasu horretan, kantatu soilik ez, dantzan ere egin diote harrera herriko belaunaldi gazteenak.

Emanaldia, ohi bezala, adi eta kantuan segi dute harmailak goraino betetako senideek eta lagunek. Izan da, gainera, irrintzi eginez hitzorduan gogotsu asko parte hartu nahi izan duenik ere.

Bistan da, 24. Korrika badator eta zirrara nabaria da jada herrian.