Heldu da hainbeste itxarondako eguna. Martxoak 25 ditu gaur, herri honek une ahaztezin eta zirraragarria biziko du eguerdi partean. Izan ere, orain bai, badator 24. Korrika! Zubietako hipodromoko zubian hartuko du lekuko preziatua udalerri honek 13:30ak pasatxoan. AEK-k urtarrilaren 8an ibilbidea jakinarazi zuen garaian baino minutu batzuk geroxeago hel daiteke. Izan ere, euskararen aldeko lasterketa erraldoia 13:37an iritsiko zela iragarria zuen AEK-k albiste honi atxikitako kartelean ikus dezakezuen moduan.
Baina dakizuenez, Korrikak badu aplikazioa. Bertan, zuzenean ikus dezakezue une bakoitzean nondik dabilen AEK-k antolaturiko ekimena, baita udalerri bakoitzera gutxi gorabehera noiz heltzea aurreikusten duten. Aplikazio horren arabera, 13:46an iritsiko da 24. Korrika Zubietako hipodromoko zubira. Alegia, aurreikusi baino bederatzi minutu geroago hel daiteke, ibilbide guztiko tokietara; Zubietara lehenbizi, Santuenera gero, handik Bizkarre aldera, Kalezarrera, herri erdigunera, Atxegalde parera eta gero, N634 errepidetik Aginagara.
Modu batean edo bestean, ordubete pasatxo, 80 bat minutu egingo ditu Korrikaren lekukoak usurbildarren esku. Izan ere, Aginagako Mapilen oriotarrek hartuko dute lekukoa eta haiek izango dira euskararen aldeko martxaren buru udalerri honetako lurretako azken metroetan.
Eskualdean azken aldiz
Usurbila Lasarte-Oriatik helduko da. Beterri Buruntzatik Korrika igaroko den azken eguna izango da gaurkoa. Gogoan izan, astelehenetik astearterako goizaldean zeharkatu zituela eskualde honetako udalerri gehienak; Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga.
Beterri Buruntzara bigarrenez eta azken aldiz Gipuzkoako hiriburutik iritsiko da. Goiz partean Donostian egingo du, bart Lapurdin barrena ibili eta goizaldean Hondarribiatik herrialde honetara sartu ostean. Usurbildik aipatu moduan Oriorantz joko du eta ez da kosta partetik urrunduko egun osoan. Izan ere, Zarautz, Getaria, Zumaia, Itziar, Deba eta Mutriku igaroko ditu eta handik Bizkaian sartuko da baina itsasertzetik aldendu gabe. Izan ere, Ondarroatik tarte batez Markina-Xemein aldera sartuko da baina berriz kostaldera itzuliko da, Lekeitiora gero gauerdiaren bueltan. Ostegunean nagusiki, Bizkaian barrena ibiliko da 24. Korrika.
Aplikazioa eskugarri
Gogoan izan, Atharratzen hasi ostetik Korrika Bilbon amaitu arte, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarrai dezakezuela 24 orduz euskal hedabideen arteko lankidetzaren baitan, EITBren seinaledun streaming bidez, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. Bertan, besteak beste, zuzenean ikusi ahalko duzue baita 24. Korrikak martxoaren 25ean Usurbildik barrena egingo duen bira.
Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.
24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.
Usurbilen
Martxoak 25, asteazkena: 13:37-14:47 (Zubietako hipodromotik Aginagako Mapilera).
Eskualdean
Martxoak 25, asteazkena:
12:54 Lasarte-Oria.
13:37 Usurbil.
Hiriburuetan
-Martxoak 25, asteazkena: 07:43 Donostia.
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.
Herrialdez herrialde
Martxoak 25, asteazkena: Lapurdi, Gipuzkoa (13:37an Usurbilen), Bizkaia.
Martxoak 26, osteguna: Bizkaia.
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.
Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa
