24. Korrika

Euritan ere, jendetza euskaraz bizitzeko egarriz lasterka herri erdigunean

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 25a

Jendetza, mundu bat mugiarazten ari da 24. Korrika. Horren islada baita, euskararen aldeko lasterketa Usurbilgo erdigunera heldutako unea.

Euskararen aldeko uholdeak hartu du herria asteazken eguerdi honetan. Heldu baino azkarrago alde egin du gure artetik, bi urtez itxarondako 24. Korrikak. Aurreikusitakoa baino geroago heldu da, Zubieta eta Santuenea igaro ostean, herri erdigunea hartzeko gogotsu. Ateri heldu arren, minutu gutxira euritara jo du, baina aterkiaren beharrik ez dute izan euskararen aldeko martxa erraldoi horretako lasterkariek. Izan ere, euskaraz bizitzeko egarriz iritsi eta zeharkatu dute herri erdigunea.

Usurbilgo udal ordezkariek ekarri dute lekukoa Santueneatik Bizkarrera eta handik, Belmonte kaleraino; EHBildu nahiz EAJ-ren udal ordezkari politikoek hartu dute lekukoa baita udal langileek ere. Haien eskutik jaso dute mezu sekretua daraman euskarri preziatua Kalezarrera igotzeko Belmonte kalean, Orbeldi Dantza Taldeak, Zumarte Musika Eskolak eta Udarregi ikastolak.

Egurtzegi parean zain zituzten hango egoiliarrak eta bidelagun gehiagorekin heldu dira Puntapax kalera, BM saltoki atariraino. Bertan hartu dute lekukoa, Korrika eta AEk laguntzeko kilometroa erostea ahalbidetu dien elkartasun proiektua garaturiko ikastolako LH 6. mailakoek.

Kale Nagusitik barrena, Atxegalde pareraino eraman dute lekuko preziatua. Han, Elhuyarrek hartu du Aginagarantz.

Euskararen aldeko deiadarra herri erdigunera bizi asko heldu izanaren adibide dituzue albiste honi atxikitako irudiak.