"Betidanik izan dut nahi edo behar bat margotzeko"

Asier Gonzalez de San Pedro 2026ko martxoaren 26a

'Polen' deituriko erakusketa zabaldu berri du Jokin Eizagirre 'Txitxo' artistak Sutegin. Apirilaren 19ra arte egongo da ikusgai: astelehenetik ostiralera, 17:00-20:00 bitartean; eta asteburuetan, 11:30-14:00 eta 17:00-20:00 bitartean.

Zer ikusiko da Sutegiko erakusketan?

Azkeneko hiru urteetan egindako margolanak, bakarren bat aurreragokoa. Margolanak oleoz egindakoak dira, neurriz nahiko handiak direnak.

Margolanak egiteaz gain, eskulturak ere egiten dituzu. Ikusgai egongo dira?

Bai, eskulturak ere egiten ditut. Kasu honetan, eskultura bakarra egongo da, espazioa nahiko txikia delako, eta margolanek hartzen dutelako protagonismoa erakusketa honetan. Beraz, eskultura bakarra egongo da, eta gainerako guztiak, margolanak izango dira.

Nola hasi zinen margotzen?

Betidanik margotu izan dut, txikitatik, eta tarteka koadroak margotzen nituen. Dekorazio munduan ere ibilitakoa naiz. Azken finean, beti neukan grina, gogoa eta nahi edo behar bat margotzeko, eta pixkanaka-pixkanaka bide hori jorratzen joan naiz, gehiago margotzen eta lanketa hori egiten.

Nolako koadroak izango dira?

Denak abstraktuak izango dira, eta erretratu bat badago tartean, baina gehien lantzen dudana abstrakzioa da.

Koadroak salgai egongo dira?

Bai, koadroak salgai egongo dira.

Zer espero duzu?

Denetatik espero dut: badira koadro batzuk errazagoak eta erakargarriagoak direnak, eta beste batzuk ez direnak. Kritika zorrotzak izatea ere espero dut, baina erakusketa oso polita da. Nik uste dut ulertzeko dituen zailtasun, gabeziekin edo dauzkan gauza guztiekin, oso interesgarria dela.

Lehenengo erakusketa da?

Margolanekin egiten dudan lehenengoa erakusketa da. Egin izan ditut gauzak eskulturekin edo horrelako gauzekin kalean.

Hau da, eskulturekin ere zerbait egin izan duzula ezta?

Bai, badira horrelako lan batzuk: Usurbilgo parke batean badago "Lurra eman" eskultura, Orion ere arrain batzuk, eta gero piezak egin izan ditut festetan erretzen diren maskotak, eta horrelakoak. Gauza desberdin asko egin ditut, baina areto batean sartzen naizen lehenengo aldia da.

Zu erakusketan izango zara azalpenak ematen?

Irekiko da, azalpen gutxi izango dira eta ni bertan egongo naiz. Azalpenak emango ditut, baina eskatzen dizkidaten heinean, eta elkarrizketa moduan izango dira, ez dut egingo halako aurkezpen berezirik. Ateak irekiko ditut, eta jendeak ikusi beharko du margolanek zer esaten dieten. Horren arabera, batzuk galdetu egingodute, eta noski, erantzungo diet galderei.

Erakusketak 'Polen' du izena, eta deskribapen gisa hau azaltzen da: "Naturan polena hedatzen den bezala, kolorea eta materia espazioan zehar zabaltzen dira. Bizitzaren eta sorkuntzaren hasiera". Zer esan nahi duzu horrekin?

Azken finean esan nahi dudana da, margoak oso espontaneoak direla, bizitzara eskatzen dutenak, eta espazioaren inguruan, abstrakzioarekin jokatzen delako eta hor fisikoak ez diren espazioak azaltzen direlako. Hor jokoa dago polena eta bizitzarekin.

Eta zer nahiago duzu, margotu ala eskulturak egin?

Niri gauza ezberdinak egitea gustatzen zait, batzuetan margoa eta besteetan eskulturak, edo beste gauza batzuk. Garrantzitsuena ez aspertzea da, eta gauza atseginak egitea. Beti gauza berriak eta beti ikasten, zure barruan zer dagoen deskubritzea da helburu. Abstrakzioa hori da ez, zure barrutik sortzen den zerbait da, eta hori atera egin behar da.

Erakusketagatik urduri zaude?

Agian, orain urduriago nago erakusketan baino. Baina bai, urduritasun puntu bat badaukat, eta ez dakit zenbateraino handituko den. Hala ere, nik uste baino lasaiago nago. Lanak interesgarriak dira oso, gustura nago egindako lanarekin eta gero koadroak zorroztasunez begiratzean, edo zer jarri ala ez jarri azaltzen da. Jendea azaltzen denean beti izango da urduritasun zerbait, baina ez nago bereziki urduri.

Koadro bat bukatzerako orduan, oso perfekzionista zara?

Ez. Gertatzen dena da jakin behar dela koadroak balio duen ala ez. Perfekzionista banintz, hiperrealismo edo errealismo gehiago margotuko nukeen. Nire margoa oso arina da, nahiz eta erretratu bat azaldu. Saiatzen naiz gauza arinak sortzen. Gertatzen dena da perfekzio puntu bat dagoela pieza horrek balio duen ala ez jakiteko garaian. Eta hor zalantzak izaten dira, eta beti zalantzaren bat dago. Zalantza konstante bat da.

Nola ematen duzu koadro bat amaitutzat?

Batzuetan, oso kuriosoa da baina koadroak hartzen du bere bidea, eta berak agintzen du. Zuk erreminta gisa funtzionatzen duzu. Hori gertatzen denean, segituan ikusten duzu horraino iritsi dela. Beste batzuetan ez da ikusten, edo erre edo puskatu nahi duzu koadroa. Ez du funtzionatzen. Gerora lantzen duzunaren arabera, gauzak eta momentuak sortzen dira. Azken finean, eguneroko lanak edo saiakerak ez dira berdinak. Gustatzen zait eta polita da koadroa bera sortzen denean. Baina denetatik dago, eta ez da beti jakiten noiz dagoen koadro bat bukatuta, batzuetan errazagoa da besteetan baino.

Esango zenuke badagoela koadrorik oraindik bueltaka jarraitzen duenik, adibidez, erakusketakoak?

Erakusketakoak ez, erakusketakoak bukatuta daude. Baina bestela bai. Hemen (lantegian) badira batzuk hor dabiltzanak oraindik lanean, eta ez daukatenak bukaerarik. Koadro batzuk aldez aurretik pentsatzen dituzu edo bide batera eramaten dituzu, eta beste batzuk ez, sortzen dira beste alde batzuetatik.

Zer islatu nahi izan duzu erakusketako koadroetan?

Koadro guztiek islatzen dutena desberdina da. Batzuk zorrotzagoak dira, arinagoak; batzuk alaiagoak dira; beste batzuk gordinagoak dira. Hori guztia barrenean dago, eta azaltzen da. Orduan ez da gauza konkretu bat islatzen edo polenarekin denak zerikusirik daukanik. Pixka bat denetarik dago. Eta koadro bakoitzak azkenean badauka bere nortasuna.

Nolakoa da erakusketan egongo den eskultura?

Egurrezkoa da, eta bi pieza dira: batek, metro eta erdi ditu gutxi gorabehera, eta besteak, bi metro eta hogei inguru. Zedroz eginikoak dira, eta oso interesgarriak.

Horiek ere abstraktuak dira?

Abstrakzio puntu bat badaukate, eta esanahia oso zabala da. Bere intriga eta polemika sortuko du.

Zergatik diozu polemika sortuko duela eskulturak?

Beno, agian polemika ez da hitz egokiena, intriga eta zeresana sortuko du.

Elkarrizketari zerbait gehitu nahi zenioke?

Jendeari esan nahi diot erakusketaz disfrutatzeko, nire ustez interesgarria izango delako, eta bertaratzeko gonbita egiten diet.