LAB sindikatuak deitutako mobilizazio eguna ostegun honetan, martxoaren 26an 29 udaletxeen atarietan; tartean, Usurbilgoan. Albiste honi atxikitakoa duzue hain zuzen, gaur goizeko 11:00etan, aipatu sindikatuak deituta, herri honetako udal langileek lantoki atarian, udaletxe aurrean egin duten bilkurako irudia. "EUDEL, blokeorik ez. Udalhitz berria negoziatu" aldarriaren bueltan batu dira.
Informazio bilkura egin dute gaiaz. Gogora ekarri dutenez, "Udalhitzen negoziazioaz blokeatuta dago eta azarotik ez dago aurrerapauso nahikorik. Gainera, EAJk ez du gehiengo sindikalak babesten dugun EHBilduren euskararen proposamenarekin aurrera egin nahi", jakinarazi dute.
"Negoziatzeko borondate gutxi"
Testuinguru horretan, otsailaren 26an mobilizazio zikloa abiarazi duten. Orduko hartan, "adierazi genuen EUDELek mahaian aurkeztuko zituen proposamenen eta alderdi politikoen negoziatzeko borondatearen arabera baloratuko genuela mobilizazioak areagotzea. Bada, uste dugu gaur gaurkoz negoziatzeko borondate gutxi dagoela eta bileraz bilera luzamenduetan ari direla".
Otsailaren 26ko mobilizazioen ondotik, "martxoaren 13an burutu zen zazpigarren mahai negoziatzailean berresten zen Udalhitzen negoziazioa blokeatuta dagoela, EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez duela gehiengo sindikalak babesten ditugun edukiak mahaian jartzeko borondaterik, eta, ondorioz, azarotik ez dagoela aurrerapauso nahikorik".
Egoera horretan dela, LAB sindikatuaren iritziz, "oso orokorrak dira EUDELek gai ezberdinen inguruan aurkeztu zizkigun proposamenak, konkreziorik eta epe zehatzik gabekoak eta horietako gauza batzuk, gainera, onartezinak dira". Adibide gisa aipatu du, "udalek absentzien plan bat izatea absentismoari buruz patronalek duten mezua erosiz eta ordezkari sindikalekin negoziatu gabekoa izatea. Negoziazioek aurrera egin ahala, ez da ia konkreziorik egon eta sindikatuok gaitzetsi dugun absentzien plana ez dute proposamenetik kendu".
Badira eskaera gehiago ere, euskarari lotutakoak hain zuzen. Izan ere, gai horri dagokionean, "gehiengo sindikalak babestu dugun EHBilduren proposamena baztertzen du EAJk eta PSEren eskutik adostu duen proposamena inposatu nahi digu". Horregatik LAB-etik adierazi dute "euskararen auzia lehentasunen artean kokatzen dugula eta guretzat ezinbestekoa dela. Negoziazioak aurrera egiteko LABetik egin dugun proposamenari ezezko borobila eman dio EAJk aitzakia gisa parlamentuko eztabaida jarrita".
Horregatik, "LABek mahaia edukiz bete dezaten exijitzen du eta edukiak egon ezean, apirileko lanuzteekin eta mobilizazio dinamikarekin" jarraituko dutela iragarri dute.
Aldaketarik ez bada, apirilaren 17an eta 23an ordubeteko lanuzteak iragarri ditu LAB sindikatuak eta egoera bideratuko ez balitz, maiatzean segida izango dute mobilizazio horiek.
Honako hauek dira, sindikatutik Udalhitz berrirako eginiko lehentasunezko eskaerak:
- Negoziazio-marko propioa. Hemen erabakitzearen premia, Estatuko inposizioak gaindituz.
- Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak. Udalek berezko dituzten zerbitzuen kudeaketa publikoa garatzea eta publifikazioak sustatzea.
- Enpleguaren loturiko neurriak. Behin-behinekotasuna jaistea, enplegua sortzea, %100eko jardunaldiak ezartzea sektore feminizatuetan eta hautaketa deialdi propioak eta lekualdatzeak egitea.
- Gazteberritze-planak. Udal guztiek gazteberritze-planak jasoko dituzten giza-baliabide planak izateko derrigortasuna. Adinaren araberako lanaldi murrizketak adostea, soldata eta kotizazioan galerarik izan gabe eta lanaldi murrizketa horiek metatuak izateko eskubidea jasotzea. Errelebo kontratuak bermatzea lan-kontratuko langileentzat.
- Jardunaldi jaitsiera: Lan astea 30 ordutara jaistea. Udal musika eskoletako eta Euskaltegietako jardunaldi eta irakastorduen murrizketa.
- Lanpostu balorazioak egitea: Lanpostuen balorazioak egitea lan-kategorien arteko arrakala murrizteko.
- Soldata-igoerak. Bizitzaren garestitzearen aurrean galdutako eros-ahalmena berreskuratzea. Soldata igoerak berme juridikoekin egiteko formulak adostea. Soldata-igoerak lineak izatea. Eta azpikontrataturiko langilerik ez egotea 14 pagatako 1.500 €ko gutxieneko soldataren azpitik.
- Klausula feministak. Berdintasun planak indarberritzeko neurriak. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak. Jazarpen protokoloak eraginkorrak izatea. LGTBIfobiaren kontrako protokoloak adostea. Kolektibo maskulinizatuetan egoerari buelta emateko neurri zehatzak ezartzea, emakumeen* kontratazioa burutzeko. Kontziliazio baimenak zabaltzea familia lotura gaindituko duten binkulogramen bidez eta zaintzari loturiko baimen gehiago.
- Euskararen normalizaziorako neurriak. Lanpostuetan euskara eta gaztelania parekatzeko segurtasun juridikoa duten tresnak adostea, lanpostu guztiak elebidunak izateko betekizuna ezarriz. Euskara lan-hizkuntza eta arreta-hizkuntza izateko eskubideak bermatuz. Lehen aldiz sarbidean, bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak. Euskalduntzeko planak egun lanean ari diren langileentzat, epe zehatz eta baliabideekin. 12 urteetan lanpostu guztiek hizkuntza-eskakizuna izatea.
- Lan osasunerako neurriak. Kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzak kudeatzea. Bajak %100 ordaintzea baja amaitu arte. Arrisku psiokosozialen azterketak egitea eta hauek ekiditeko neurriak. Lan kargak arintzeko neurriak adostea.
- Trantsizio ekosozialerako neurriak. Lehentasunez mugikortasun plan adostuak ezartzea.
- Kolektibo espezifikoetan neurri konkretuak adostea. Euskaltegi, musika eskola zein oinarrizko lanbide heziketako zentroetarako lan-baldintzak hobetzeko neurriak ezartzea, lanaldia eta lan zamak jaistekoak.