Euskarazko film berrienen uzta dakar NOAUA! K.E.-k igandean Sutegira

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Korrika igaro berritan, euskarari eskainitako astea igandean, martxoaren 29an borobilduko dugu, NOAUA! K.E.-k antolaturiko 23. Laburbirarekin. Azkenaldian ekoitzitako zazpi euskarazko film labur ikusteko aukera izango duzue Sutegin. Sarrera doakoa izango da.

Zirkuituaren bidez, euskal zinemagintza hauspotu eta euskarazko sorkuntza lanok herritarrei ezagutarazi nahi dira.

Hitzarmena
Amaitzear dugun martxoa osoan zehar, Euskal Herrian barrena bira dabilen ekimen ibiltaria dugu 23. Laburbira. Hedapen hau bermatzeko baldintza bereziak adostu dituzte Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta NOAUA! K.E. kide duen Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak. “Horri esker, UEMAko kide diren udalek abantailekin antolatu ahal izango dituzte aurten Laburbiraren emanaldiak”.

Aurtengo ediziora, 32 lan aurkeztu dira, haietatik zazpi hautatu eta ikusi ahalko dira igandean Sutegin. 80 bat minutuko proiekzioa izango da. “ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Askotariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, eta horietako hainbat dagoeneko zenbait zine jaialditan saritutako lanak dira”.

23. Laburbira
Martxoak 29, igandea
18:00
23. Laburbira Sutegin.
Filmak:

“Olentzerori eskatu nion” (Amaia San Sebastian Larzabal):
"Gauero hotel desberdin bat. Azken larrujotzea eta bere maitalearen begi hutsetara azken begirada. Emakume bat ihesean, gauero elkarrizketa berdina, denbora milimetratuan. Nazkatu zen egunean eduki zuten azken elkarrizketa".


“Erreka zoko hortan” (Ekaitz Bertiz):
"Aita ohean gaixo du Joxepik, Iparragirre baserriko alaba zaharrenak, eta bere gain hartu beharko du haren egitekoa: kontrabandoan pakete astun bat garraiatzea Frantziako mugaren beste aldera. Gau beltzean, karabineroak ez dira basoak ezkutatzen duen arriskurik beldurgarriena…".


Fishy” (June Asua Olabarria):
"Kale zikinetan barrena, goseak jota dabilen katu bat arrain baten bila doa, eta badirudi topatu duela altxorra! Usteak erdia ustel, ordea. Kalean, itxurak engainagarriak izan daitezke…".


“A-Maniki” (Elixabet Nuñez):
"Adineko emakume bat mundu digitalera ezin egokituz bizi da. Hainbeste, non poliki-poliki desagertuz doan gizartetik…".


“Geratzen den hori” (Aitor Gametxo Zabala):
"2011an ama hil ondoren, zuzendariak bidaia intimo bati ekingo dio haren objektu pertsonalen eta oroitzapenen bidez. Film labur dokumental honek dolua eta gaixotasuna eta hauek duintasunarekin, zaintzarekin eta transmisioarekin duten lotura aztertzen du".

“Orain zer?” (Aihnoa Urgoitia):
"Bularreko minbizia izan duten emakumeei ahotsa emanaz, gizartean gorputzaren inguruan eraikitako zenbait arauk emakumeei nola eragiten dien erakusten du dokumental hunkigarri honek".


“Hortzikara” (Ane Cuesta):
"Hortzak erori eta berriz ere ateratzen ez zaizkion neskato baten ama itxaropena galduta dabil. Konturatzen ez den arren, bere alabaren arazoen jatorria uste baino gertuago dago…".

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.