Sareren hileroko azken ostiraletako elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Hileroko azken ostiraleko elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Sarek ostiral honetarako, martxoaren 27rako, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Hilero moduan, azken ostiraletako Sarek deitutako elkarretaratzea egingo da ostiral iluntze honetan, 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Duela hilabetekoan, otsaila nahasia izan zela nabarmendu zuten mobilizazio amaieran, "iraganera iltzatuak nahi gaituztenek buru-belarri jardun baitute zilegi eta legezkoa den etxeratze prozesua kutsatu nahian".

Zehaztu zutenez, "Euskal Herriak etorkizunari eta elkarbizitzari begira diezaion ezinbestekotzat jotzen dugun etxeratze prozesua jo-puntuan izan da azken egunotan, zenbait kazetari eta hedabideren partetik eta prozesua bera eta gure aldarrikapenaren beharra nabarmendu nahi dugu beste behin".

Horrekin batera, Martxoaren 8ra begira jarri ziren. Izan ere, hitzordua baliatu nahi izan zuten "espetxean ere, emakumeek sufritzen duten zigor gehitua beste behin salatzeko. Gizonezkoen eta gizonezkoentzat pentsatua dagoen espetxeetan, emakumezkoentzat ezinbesteko diren bizi beharrak asetzea aldarrikatuko dugu aurtengoan ere eta dei egiten diogu gizarte zabalari herri eta eskualdeetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartu eta emakumezko euskal presoen eskubideen defentsa egitera".

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuan erabakiorrak izan daitezkeen datozen hilabeteei begira, gaineratu zutenez, "Sare Herritarretik, konponbidearen bidean sakondu eta horrenbeste behar eta merezi dugun bakea eskuratzeko lanean berresten gara".

Saretik nabarmendu zutenez, "ondorio guztiekin amaituta lortuko dugu elkarbizitza justu eta iraunkor batera igarotzea, ezinbestekoa da norberak bere esparruetatik logika horretan ekarpenak egiten jarraitzea eta guk ere bide horretan jarraituko dugu ekarpenak egiten".