24. Korrika

[ZUZENEAN] Araban eta Bizkaian barrena ibiliko da gaur Korrika

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Bilboko helmugara hurbiltzen doan 24. Korrika Araban eta Bizkaian ibiliko da ostiral honetan, martxoaren 27an. Gogoan izan, 24 orduz zuzenean ikus dezakezuela albiste honi atxikitako bideoaren bidez.

Gure ingurutik urrundu arren, bizi asko tipi-tapa lasterka jarraitzen dute euskararen alde. Asteazkenean, hilaren 25ean, Usurbildik igaro eta Gipuzkoako kostaldea zeharkatu ostean, Bizkaian barneratu zen atzo. Gauerdia pasata, Araban sartu da. Bi herrialde horietan barrena ibiliko da ostiral honetan, hilaren 27an. Gaueko 23:00ak baino lehen iritsiko da Arabako hiriburu Gasteizera.

Asteburura begira, gogoan izan; igande eguerdian, hilaren 29an iritsiko da 24. Korrika Bilboko helmugara. Zuzenean ikusi ahalko duzue amaiera ekitaldia, atari honetatik bertatik. Albiste honetan beherago duzue, Bilboko amaiera jaialdiko egitaraua.

Aurretik, larunbatean, Gipuzkoara dator berriz. Larunbat goizaldean, 2:00ak pasatxoan Debagoiena zeharkatuko du (Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Bergara, Antzuola). Urola Garaitik ibiliko da 8:00ak aldetik aurrera (Urretxu, Zumarraga) eta Ormaiztegitik Goierrin sartuko da 9:00ak aldera. Hortik, Segura, Olaberria, Beasain, Ordizia edota Legorreta zeharkatu eta tartetxo batez Tolosaldeara itzuliko da Alegitik 13:00ak pasatxoan. Tolosatik Azpeitiara joko du 16:00ak aldera. Zestoa eta Azkoitiatik igaro eta Debabarrenan sartuko da 24. Korrika. Elgoibar, Soraluze eta Eibarretik Bizkaira itzuliko da 22:00etan Ermua ingurutik, Bilboko helmugarantz jotzeko.

Aplikazioa eskugarri

Gogoan izan, Atharratzen hasi ostetik Korrika Bilbon amaitu arte, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarrai dezakezuela 24 orduz euskal hedabideen arteko lankidetzaren baitan, EITBren seinaledun streaming bidez, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta.

Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.

24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 3.435 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.

Hiriburuetan
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.

Herrialdez herrialde
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.

Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa