24. Korrika

Korrikari eskainitako kantu-jira larunbatean, Imanol Epelderen emanaldiaren ondotik

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Imanol Epelderen "Zerbait sartu zait begian" ikuskizunaren ondotik, Korrikari eskainitako kantu-jira larunbat honetan, martxoaren 28an.

"Zerbait sartu zait begian" emanaldia eskaini du ostegun arratsaldean Sutegin Imanol Epeldek, gure artetik igaro berri den euskararen aldeko lasterketa girotzen aritutako Korrika Batzordearen eskutik. Ez da hitzordu honi lotutako azken ekitaldia izan.

"Kukua entzun al duzue? Txepetxaren kabirik ikusi? Primaderako liliak azaldu al dira zure inguruan? Eta odola borborka jartzen hasi al zaizu? Zatoz gurekin Udaberriari ongietorria ematera kantuz!". Hortxe Usurbilgo Kantu Taldekoek herritarrei luzatu dieten deialdia. Larunbat honetarako, martxoaren 28rako antolaturiko saioan, euskara bultzatzen duten kantetan erreparatuko dutela azaldu dute. "Korrikaren bueltan izango garenez, gure taldeak ere bere ekarpena egingo du martxoko kantujira honetan, bereziki euskara bultzatzen dituzten kantak aukeratuz eta abestuz".

Bestelakoak ere hartuko dituzte gogoan biharko hitzorduan: "halaber, gure kantu-zerrendan ere keinutxo bat egingo diegu Palestinari eta une hauetan gerra eta bortizkeria bidegabea pairatzen ari diren herriei". Martxoaren 28an larunbatarekin, "eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuko gara. Animatu".

Kantu Taldearen deialdiak
Martxoak 28, larunbata
12:00 Korrikari eskainitako kantu-jira izango da martxokoa. Ohi bezala, Mikel Laboa plazatik abiatuko dira.

Astelehenero...
18:00 Kantu ikastaroa Agerialdeko musika gelan.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.