Usurbil F.T.-ren egungo zuzendaritza taldeari erreleboa hartzeko deia azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Jokoan den 2025-26 denboraldi honen amaieran, bere ibilbidea amaitutzat emango duela jakinarazi zuen duela hilabete Usurbil F.T.-ko zuzendaritza taldeak. Martxoaren 27ra arteko epealdia finkatu dute, erreleboa hartzeko prest egon daitezkeenak bilgunearekin hartuemanetan jar daitezen. Gogoan izan, bestalde,  Usurbil F.T.-ren 50. urtemugaren harira, bazkaria antolatu dute. Zenbateko parte hartzea erakarri dezakeen jakiteko aurre izen-emateko epealdia ireki dute.

"Etapa berri bati hasiera emateko unea iritsi da". Hala jakinarazi zuen Usurbil F.T.-ren zuzendaritza taldeak NOAUA!ra igorritako adierazpenaren bidez. Testuinguru honetan, egungo talde horrek bere ibilbidea amaitzea erabaki zuen, 2025-26 denboraldi hau bukaerara heldutakoan. Esker ona adierazi zieten bidelagun izan dituztenei. Horrekin batera, erreleborako deia egin zuten. Interesdunentzat martxoaren 27ra arteko epealdia finkatu zuten, Usurbil F.T.-rekin hartuemanetan jartzeko.

Usurbil F.T.-ko zuzendaritza taldearen adierazpen honetan dituzue xehetasunak:

Denboraldi amaieran egungo zuzendaritza taldeak bere lana amaitutzat emango du
Usurbil Futbol Taldeko zuzendaritzak jakinarazi nahi du denboraldi honen amaieran egungo zuzendaritza taldeak bere lana amaitutzat emango duela. Urte hauetan guztietan, ilusioz, arduraz eta konpromisoz jardun dugu klubaren alde, proiektu sendo bat eraikiz eta kirolaz harago doazen balioak landuz.

Ibilbide honetan, talde-lana, errespetua, berdintasuna, parte-hartzea, euskara eta herriarekin lotura estua izan dira gure lanaren oinarri. Harro gaude egindako bideaz eta lortutakoaz, eta eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan bidelagun izan ditugun pertsona, familia eta erakunde guztiei.

Etapa berri bati hasiera emateko unea iritsi da, eta horregatik, Usurbilgo herritarrei dei egin nahi diegu: klubaren etorkizuna bermatzeko ilusioa duten pertsonei, lanerako gogoa eta konpromisoa duten guztiei, zuzendaritza-talde berri bat osatzeko pausoa eman dezaten. Helburua argia da: orain arte egindako lana jarraitzea, proiektua sendotzen jarraitzea eta landutako balioei eutsi eta haiek garatzen jarraitzea.

Interesa duten pertsonek martxoaren 27a baino lehen jarri ahal izango dute harremanetan klubarekin, telefonoz edota aurrez aurre zuzendaritzako norbaitengana hurbilduz, informazio gehiago jasotzeko eta euren burua aurkezteko.

Azpimarratu nahi dugu egungo zuzendaritza taldea ondoan izango dutela prozesu honetan: trantsizio egoki, ordenatu eta arina bermatzeko, beharrezko informazioa eta laguntza eskainiz, klubaren etorkizuna ahalik eta baldintzarik onenetan eraikitzeko.

Kluba herriarena da, eta bere indarra komunitatean bertan dago. Ziur gaude Usurbilen badagoela erronka honi heldu eta etorkizunera begira klubaren ibilbidea gidatzeko prest dagoen jendea.

Eskerrik asko orain arteko babes eta konfiantzagatik, eta etorkizunean ere klubaren alde lanean jarraituko duten guztiei, aldez aurretik, gure esker ona.



Bazkarirako aurre izen-ematea
50 urte bete ditu Usurbil F.T.-k eta aurten ospatuko ditu. Dagoeneko, otsailaren 28an, arratsalde eta iluntze partean, futbolin eta ping-pong lehiaketak antolatu zituzten. Futbol taldeen bilgunetik jakinarazi dutenez orain, ekainaren 27rako egun osoko jaialdia prestatzen ari dira. Mende erdia ospatzeko egun nagusia izango da. "Klubarentzat egun handia izango da. Goizeko ekintzetatik hasi eta gaueraino, gelditu gabe jarduera ezberdinak" antolatuko dituzte.

Sare sozialen bidez jakinarazi nahi izan dute, "ekainaren 27an Usurbil F.T.-ren 50.urteurrena dela eta egun handia antolatu dugula goizetik hasi eta gaueraino".

50. urtemugako egitaraua guztiz zehazteke dutela adierazi arren, finkatua dutena da bazkaria antolatuko dutela. Horri begirakoa da hain zuzen, kaleratu duten oharra. "Etorriko den jende kopurua jakin nahi dugu, antolatzen jarraitzeko", zehaztu dute Usurbil F.T.-tik. Izan ere, argitu dutenez, leku kopurua mugatua izango da eta izena ematen lehenengoak direnak izango dute lehentasuna otordu horretan egoteko.

Horregatik, otordu horretarako aurrez izena emateko epealdia irekitzea erabaki dute. Horretarako, galdetegia osatu beharko da maiatzaren 3a baino lehen. Horren harira, zenbait argibide eskaini ditu Usurbil F.T.-k. Batetik, inskripzio hau bideratzen dutenek lehentasuna izango dute gero izena emateko. Galdetegia osatzen dutenek hain zuzen, email bat jasoko dute izen-emate ofiziala lehenago egin ahal izateko. Ondorioz, orain apuntatzeak ez du esan nahi bazkarira joan beharko denik.

Otordura 16 urte beteak dituztenek edo hortik gorakoek joan ahalko dute, "gurasoekin ez bada". Ordainketak izen-emate ofiziala egiterakoan bideratu beharko dira.

Usurbil F.T.-tik ohartarazi dutenez, "aurre izen-ematea bete dutenekin aforoa beteko ez balitz, soberan dauden eserlekuak libre jarriko dira edonork izena eman dezan".

Futbol taldeen bilgunearen 50. urtemugako otordurako aurrez izena emateko galdetegirako lotura honako hau duzue:
Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako bazkaritarako aurrez izen-emateko galdetegia