Usurbilgo jaiak

Herriko festak antolatzen segitzeko bilera deitu du gaurko Xauxar Txosna Batzordeak

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Gazte lokalean bilduko da txosna batzordea ostiral gau honetan, 22:00etan.

Uztailaren 1etik 5era ospatuko ditugun herriko festen antolakuntza lanek aurrerabidean segitzen dute. Xauxar Txosna Batzordeak jakinarazi duenez, bilera deitu dute ostiral honetarako, martxoaren 27rako, gaueko 22:00etan Artzabalgo gazte lokalean. "Ostiral honetan berriz ere bilduko gara gazte lokalean gaueko 22:00tan", berri eman dute sare sozialen bidez. Hitzordura joateko gonbita egin dute. "Orain arte etorri ez bazara, animatu aste honetako bilerara, laguntza guztia ongi etorria da eta!!", jakinarazi dute.

Otsailetik prestaketa lanetan
Txosna batzordekoak, gainerako norbanako eta eragileekin batera, Usurbilgo jai batzordean biltzen dira.
Uda parteko jaien prestakuntza lanei ekin zien jai batzordeak otsailaren 4an, Potxoenean eginiko estreinako bilkuran.

Herri eragile ezberdinetako ordezkariak edota norbanakoak bildutako lehen saioa izan zen hilaren 4koa. Saioa irekiak izaten dira eragileentzat nahiz norbanakoentzat.

Gogoan izan, jai batzordean hartzen dira herriko festei lotutako erabaki guztiak; hala nola, txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak nahiz egitarauaren diseinua aukeratzeko lehiaketak antolatzen ditu.

Uztailaren 1etik 5era
Usurbilgo 2026ko festak antolatzeko lanei ekin zieten lehenengo bileran. Lehen zereginetakoa, jaien iraupena zehaztea izan zen; hau da, udalerri hau ospakizun giroan barneratuko duen zikloa noiz hasi eta noiz bukatuko den finkatzea. Beti, jaiegun nagusia izan ohi den uztailaren 2aren bueltan ospatu ohi dituzte herriko festak.

2026ko edizioan, egun horren aurretik festak noiz hasi eta noiz amaitu, erabaki zuen jai batzordeak. Aurtengoak uztailaren 1etik 5era izango dira, asteazkenarekin hasi eta igandearekin amaituko dira. Honenbestez, bost festa egun izango ditugu, iaz baino bat gutxiago. Festak abiatu eta biharamunean, uztailaren 2a, udalerri mailako jaieguna izango da. Hala izendatua zuen udalbatzak urtero moduan, iazko udaberrian eginiko osoko bilkuretako batean.

Festen jaiegunak finkatu eta horien iraupena zehaztearekin batera, erabaki gehiago ere hartu zituen jai batzordeak Potxoeneako aurtengo lehen bileran; hala nola, festetako egitaraua osatzeko lanetan aurrerapauso nabarmena eman zuten. Izan ere, ekitaldi gehienak egunez egun kokatzera heldu ziren.