24. Korrika

[ZUZENEAN] Gipuzkoan barrena ibiliko da gaur 24. Korrika, azken aldiz

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 28a

Igandean, martxoaren 29an Bilbon helmugaratu bezperan, Gipuzkoan barrena ibiliko da larunbat honetan, 24. Korrika. Hainbat eskualde zeharkatuko ditu.

Geldiezina izaten ari den lasterkarien uholdea helmugaratzear da. Igande honetan, martxoaren 29an iritsiko da amaiera eremura, hilaren 19an Atharratzen hasitako euskararen aldeko 24. Korrika erraldoia.

Ordutik, etenik gabe Euskal Herrian herriz herri dabilen martxa Gipuzkoan sartu da azken aldiz, bezpera honetan, hilaren 28an. Goizaldeko 2:00ak pasatxoan izan da, Arabatik heldu da Debagoienara. Eskualdea zeharkatuta, Urola Garaitik ibiliko da 8:00ak aldetik aurrera (Urretxu, Zumarraga) eta Ormaiztegitik Goierrin sartuko da 9:00ak aldera. Hortik, Segura, Olaberria, Beasain, Ordizia edota Legorreta zeharkatu eta tartetxo batez, Tolosaldeara itzuliko da Alegitik 13:00ak pasatxoan. Tolosatik Azpeitiara joko du 16:00ak aldera. Zestoa eta Azkoitiatik igaro eta Debabarrenan sartuko da 24. Korrika. Elgoibar, Soraluze eta Eibarretik Bizkaira itzuliko da 22:00etan Ermua ingurutik, Bilboko helmugarantz jotzeko.

Durango, Zornotza eta Derio zeharkatu ostean, igande goizaldeko 7:30ak aurretik barneratuko da lasterketa bere geltokian, Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, helmugaratuko da, 12:00ak aldera Areatzan. Egun osoko jaialdia prestatu dute Bilbon. Beherago duzue egitarau osoa.

Aplikazioa eskugarri

Gogoan izan, Atharratzen hasi ostetik Korrika Bilbon amaitu arte, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarrai dezakezuela 24 orduz euskal hedabideen arteko lankidetzaren baitan, EITBren seinaledun streaming bidez, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. Igandeko amaiera ekitaldia ere zuzenean ikusi ahalko duzue, atari honen bidez.

Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.

24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.750 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.

Hiriburuetan
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.

Herrialdez herrialde
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.

Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa