24. Korrika

[ZUZENEAN] 24. Korrikaren amaiera ekitaldia zuzenean ikusgai

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 29a

24. Korrikak ia berea egin du. Igande eguerdi honetan helmugaratuko da Bilboko Areatzan, martxoaren 19an Zuberoako Atharratzen hasitako euskararen aldeko lasterketa. Amaiera ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izango duzue, albiste honetan txertaturiko bideoaren bidez.

2.750 kilometro, 3.436 lekuko-hartze eta 460 herri zeharkatu ostean, akabo, euskararen bueltan bizitako zirrara eta emozio handiko egunok. Hamar egunez, bidean metatzen joandako indar, atxikimendu eta gainerako bizipenak helmugaratuko dira gaur. Igande honetan, martxoaren 29an helmugaratuko da 24. Korrika 12:00ak pasatxoan Bilboko Areatzan.

AEK-k prest du guztia, helmugan bertan, hiriburuko udaletxe atarian egingo den azken ekitaldirako eta baita aldarrikapena eta festa giroa uztartuko dituen ospakizun egun honetarako. Martxoaren 19an abiatzeko hitzorduan Zuberoako Atharratzen egin bezala eta gerora, 24 orduz zuzenean eskaini ostean, gauza bera egingo dute Korrikaren amaierako ekitaldiarekin. Zuzenean ikusi ahalko duzue, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta.

Gutxi gorabehera, Euskal Herrian barrena, tartean, Usurbilen ibilitako lekukoak 12:30etan egingo ditu azken metroak, "AEKko kideen eskutik eta azken lekuko-hartze nazionalak egin ostean". Adi une horri. Izan ere, "AEKko kideek mezu-egilearekin batera egingo dituzte euskararen aldeko ekimenaren azken urratsak Venezuela plazatik. Une horretan ezagutuko dugu, beraz, eskuz esku, kilometroz kilometro, Atharratzetik Bilbora joan den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere Udaletxera iritsitakoan".

Azken ekitaldiaren ondotik, egun osoko jaialdia antolatu dute Bilboko erdigune horretan. Segidan duzue egitarau zehatza. Besteak beste, jan-edana, kontzertuak, ikuskizunak eta gehiago izango dira AEK-k egokitutako sei guneetan.

Aplikazioa eskugarri

Gogoan izan, Korrika aplikazioaren bidez ere zuzeneko jarraipena egin ahalko duzue AEK-ren ekimenaren amaierari. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.

Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa