4. Etumeta Literatura Lehiaketa

"Zer nahi du Laiak?"

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 31

Iaz, 13 idazlan aurkeztu ziren Etumeta AEK euskaltegiak antolaturiko literatura lehiaketara. Larraitz Agirre Goiburuk idatzitako "Zer nahi du Laiak?" narrazioak eraman zuen lehen saria. Berarekin batera, aipamen bana jaso zuten Iñaki Agirresaroberen "Uxarrean" eta Mikel Muguruza Agirreren "Antzarak ilunabarrean" idazlanek. Aurtengo edizioa martxan dela aprobetxatuz, iazko lan saritua argitara emateko baimena eman digute. Lerrootan duzue Larraitz Agirre Goibururen lan saritua irakurgai.

Zer nahi du Laiak?
Arratsaldeko 16.30ak dira eta ikastolako txirrinak jo berri du, haur guztiek ziztu bizian jaso dituzte euren gauzak motxilan eta korrika irten dira sarrerara. Laia ere bai. Han daude hainbat guraso askariarekin zain, eta baita Nerea ere, Laiaren hezitzailea. Nerearekin batera, beste lau neska mutil daude bere zain, ez dira bere anai-arrebak, baina hala balira bezala. Etxera bidean abiatu dira seiak elkarrekin, ikastolan egin dutenari buruz hitz egiten. Hara iristean sartu, eta oinetakoak kentzeko agindu die guztiei Nereak, eskilarapean utzi dituzte, eta etxekozapatilak jantzi. Beste sei oinetako pare daude bertan.

Lau urte ditu gure protagonistak, Laiak, eta etxe handi batean bizi da beste hamar haurrekin eta hainbat hezitzailerekin. Sei logela ditu etxeak, bikoitzak, bere gelakidea Elene da. Askaria eskuan duela, belardira irten da jolastera. Han daude bere kideak, anai-arrebak ez diren haiek. Pozik dabiltza jolasean, baloiarekin, Nerea urbildu zaionean. Bisita duela esan dio. Baina “gaur ez da asteazkena”, pentsatu du Laiak. Asteazkenetan bere ama hurbiltzen da etxera, bi orduz berarekin egoteko. Nahiz eta, sarritan ahaztu egiten zaion amari. Berak, batzuetan, amarekin bizitzera joan nahiko luke, baina besteetan arrotza egiten zaio hura, eta lorategian jolasten gusturago dagoela pentsatzen du. Nereari eskutik heldu eta etxera sartu da.

Bere logelara bidean, pentsatzen doa: nola esan amari nahiago duela kanpora irten anai-arrebekin jolastera berarekin egon baino?. Baina ez da hura gelan zain duena, bi emakume baizik. Garbiñe eta Nekane. Nereak azaldu dio, bi emakume hauek bera ezagutzera etorri direla, eta agian, egunen batean haiekin bizitzera joan daitekeela. Laia negarrez hasi da, garrasika: Nola joango da bera ezagutzen ez dituen norbaitzuekin bizitzera? Zergatik ezin du dagoen lekuan geratu, betirako Elenerekin gelan? Garbiñek eta Nekanek, goxo-goxo azaldu diote, lehenik eta behin berarekin jolastera etorri direla eta ea etxea erakutsiko dioten. Laiak, lasaiago, eskutik eutsi dio Nekaneri eta etxe osoan zehar bira bat egin dute hirurek elkarrekin. Bukaeran, bere leku gogokoena erakutsi die, Lorategia, eta han, jolasean aritu dira denbora luzez. Joateko ordua iritsi denean, ea berriz ere ikusi nahiko lituzkeen galdetu die, Laiak momentu batez ausartu du: Nire ama haserretu egingo al da baizkoa esaten badut? Ez du erantzun.

Astebete pasa da, eta ikastolatik irtetean Nerea dago Laiaren zain sarreran. Gaurkoan gainontzeko kideak ez daude. Nekane eta Garbiñeren etxera joango direla gogorarazi dio hezitzaileak. Laiak korapilo bat sentitu du eztarrian eta negarrez hasi da, ama datorkio berriz ere burura: nola esango dio beraien etxea ezagutzera joan dela? Bikotearen etxera iristean, han daude biak sarreran zain, txakur batekin: Txuri. Laia oso txakur zalea da. Gehien gustatu zaiona ordea, berea izango litzakeen logela da. Ohe handia, ikasteko mahaia, ipuinez jositako apalategia, margotzeko hainbat tresna eta garbi usaina daude. Han irakurtzen eta marrazten irudikatu du bere burua. Bere klaseko lagun minaren, Mirenen, logela dirudi, eta beti izan du inbidia. Hor biziko balitz, Miren bere etxera gonbidatuko luke askaltzera. Arratsalde amaieran, Garbiñe eta Nekanek ea han bizitzea gustatuko litzaiokeen galdetu diote. Berriz ere eztarriko korapiloa itzuli da ordea: nola esan amari bere etxean baino hobeto usaintzen duela han? Ez du erantzun, buru makur joan da handik ezer esan gabe, Nereari eskutik helduta.

Asteazkena da gaur, belardian dabil joalean. Deiadar egin diote etxe barrutik Laiari, eta bai, gaur oroitzen da nor datorren bera ikustera. Barrura bidean, galdera bat darabil buruan: nola esan amari beste pertsona batzuekin bizitzera joan nahi duela? Amarekin askaltzen ari dela, Nereak erraztu dio bidea. Hark azaldu dio amari Laiak azken asteotan bikote bat ezagutu duela, eta ez litzatekeela aukera txarra berak berriz zaindu ahal izan arte, haiekin bizitzera joatea. Amak, negar artean, galdera egin dio, ea hori den berak nahi duena. Laiak ez du erantzun, burumakur geratu da berriz ere. Amak, begietako malkoak lehortuz, berak asko maite duela esan dio, baina orain ezin duela behar bezala zaindu, eta aukera ona iruditzen zaiola zoriontsu izango den etxe batera bizitzera joatea, baina amaz ez ahazteko eskatu dio. Laiak irribarre handi batekin erantzun dio, eta bere besoetara salto egin du, pozarren besarkatuz.