Jaiegunon ostean hasiko dira konpontzen, abuztuko suteak kaltetutako Oiardo kiroldegiko eremua

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 31

Datozen jaiegunon ondotik konpontzen hastekoak dira iazko abuztuko suteak kaltetutako Oiardo kiroldegiko eremua. Lanak esleitu ditu Udalak. Bost bat hilabete beharko dituzte eraberriketa lanotarako.

Sutea piztu zen iazko abuztuan Oiardo kiroldegiko saunan eta hainbat kalte eragin zituen bereziki bertan, nahiz ondoko igerilekuan. Kaltetutako eremua eraberritzera doala berri eman du Usurbilgo Udalak. Lanoi ekiteko data ere finkatua du; jaiegunon ondotik abiatzekoak dituzte konponketa lanak eta bost bat hilabetez luzatuko direla aurreikusi dute.

Eraberrikuntza lanok esleitu berri dizkie Udalak Igez Eraikuntzak SL enpresakoei, 641.396,50 euroan. Aurreikusi baino gehiago luzatu da lanak esleitzeko prozesua, Udalak "prozedura ahalik eta gehien azkartzeko bokazioz arituta ere," deialdia bitan egin behar izan baitu. "Lehenengoan, esleipena eskuratu zuen enpresak agiri bat falta zuen, eta ezinbestekoa zen lanak esleitu ahal izateko. Bigarren ahaleginean, iragarkirik gabeko esleipen negoziatua egin da: udalak hiru enpresari eskatu die obrak gauzatzeko proposamen bat aurkezteko, hamar laneguneko epea emanez. Bakarra aurkeztu da, Igez Eraikuntzak: egindako proposamenak eskatutako baldintza guztiak betetzen dituenez, horri esleitu zaizkio lanak". 

Udazkenerako ireki nahi

Gogoan izan, iazko abuztuaren 27an izandako suteak bereziki sauna eta igerilekua kaltetu zituen. "Era berean, sua bertikalki zabaldu zen, azpiegiturak kiskaliz. Udalak egindako azterketak 641.000 euroan baloratu zituen kalteak. Obrak egin ahal izateko prozedura ahalik eta gehien azkartzeko, eta horretarako gaitasun ekonomikoa zeukalako, 641.000 euroko kreditu aldaketa onartu zen urriko osoko bilkuran. Aseguru etxeak oraindik ez du ofizialki jakinarazi sutearen kalteak zenbateraino estaliko dituen".

Albiste pozgarritzat jo du eraberrikuntza lanei ekitea udal gobernu taldeak, baina "ikusi beharko da obrak hasten direnean aurrez ikusi gabeko kalte gehiago agertzen ez ote diren. Udazkenerako kiroldegia erabat ireki nahiko genuke, baina halakoetan ezin izaten da erabateko ziurtasunez baieztatu aurreikusitako epeak betetzeko aukerak izango direla".