Martxoko azken ostiralarekin batera egin du Usurbilgo Sarek hileroko euskal preso, iheslari eta depotatuen etxeratzearen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, Euskal Herriko beste hainbat udalerrietan bezalaxe, "ezin da gehiago luzatu" aldarripean.
Beste behin, "salbuespenak indarrean jarraitzen duela salatu nahi dugu eta konponbidearen logikan oztopo diren lege eta politikak salatu nahi ditugu". Horren adibide gisa, plazaratu zituzten datuok. "120 dira oraindik beraien zigorrak betetzen ari diren presoak eta 14 iheslari eta 3 deportatu beraien etxeetara itzuli ezinik erbestean jarraitzen duten euskal herritarrak. 120 horietatik 52 dira beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari direnak, zigorraren azken urteak kalea zapalduz betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere".
Horren harira, Saretik ostiral honetako mobilizazioan iragarri moduan, "Datozen hilabeteetan lanean jarraituko dugu etxerako bidean oztopo diren lege eta politikak salatzen, lanean jarraituko dugu konponbidea, bakea eta elkarbizitzara bidean urratsak ematen eta, noski, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde".
Korrikarekin bat egieko deia
Egunotako Korrika hartu zuten baita. Izan ere, igande honetan, martxoaren 29an helmugaratuko da Bilbon. Azken kilometroetako bat Sarerena eta Etxeratena izango da, Bizkaiko hiriburuko Autonomia kaleko 3.428. kilometroa hain zuzen. "Horregatik, Saretik eta Etxeratetik ibilbidearen amaieran parte hartzera eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriak erakusketa gonbidatzen zaituztegu".