Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 eurokoa izan eta hori hemen erabakitzea exijitzeko greba eguna izan genuen martxoaren 17a Hego Euskal Herrian, baita honenbestez, Usurbilen ere. Herria gerarazi zuen ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, gutxienez ehun eragile sozialen baino gehiagoren eta 1.750 enpresa komite eta pertsonal batzorderen babesarekin eginiko deialdiak.
Usurbil gerarazi zuen greba egun hark. Saltokietako pertsianak jaitsita izan ziren egun osoz, merkatariek eta ostalariek grebara jo ostean. Udal zerbitzuak etenda izan ziren baita, udal langileen gehiengoak ere deialdi horrekin bat egin ostean. Hezkuntzan, garraio zerbitzuetan nahiz industrialdean ere ezohiko asteartea izan zuten. Eguna hasteko, herri erdigunean barrena eginiko manifestazioa edota Mikel Laboa plazako elkarretaratze zaratatsua deitu zituen greba egun hau prestatzen, deialdia herriratzen, informatzen eta sustatzen aritutako herritarren batzordeak.
Bilgune horrek berak segidan duzuen balantzea helarazi du hedabide honetara. Martxoaren 17ko greba eguneko albiste bilduma, esteka honetan duzue ikusgai: noaua.eus/bereziak/m17-greba-orokorra
Herriko ostalari eta komertzioei eskertza
Pasa den astean greba egun arrakastatsua bizitu ahal izan genuen Euskal Herrian, hala nola Usurbilen ere. 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena hartuta, Euskal Herri hobe baten aldeko borrokak batu gintuen milaka eta milaka pertsona, borroka eta mobilizazio desberdinen inguruan.Herrian ondo atera izana, hein handi batean, herriko ostalari eta komertzio txikietako autonomo eta langileei esker izan zen, gehienek beraien negozioak itxi baitzituzten grebarekin elkartasuna adieraziz.Nabarmendu nahi dugu Hurbilagok eta bera osatzen duten kideek izan zuten prestutasuna gurekin biltzeko eta ideiak elkar trukatzeko. Zer ikusirik ez Urbil eta Mercadona bezalako merkatal zentroek izan zuten jarrera, haienean kaskodun poliziekin egin baitziguten harrera.Greba eguna, etorri bezala joan zen, baina ez dezagun ahaztu nork egiten duen herri honen alde eta nork ez. Kontsumitu dezagun herrian eta babestu ditzagun herriko komertzio eta tabernak, bereziki greba egunean bere negozioak itxi zituzten horietan.
Usurbilgo greba batzordea