Ogasunarekin diru kontuak argitzeko garaia heldu da beste urte batez. Iazko errenta aitortzeko epealdia zabalduko da apirilaren 7an. Herritarrok administrazioarekin ditugun hartuemanak euskalduntzen segi eta hizkuntza horretan izatea sustatze aldera, errenta euskaraz aitortzeko kanpaina abiaraziko du Usurbilgo udalerria barne hartzen duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udal eta foru ogasunekin lankidetzan. "Euskararen aldeko hautua egitea da aurten ere, kanpaina honekin UEMAk eta udalek lortu nahi dutena".
Mankomunitate horren arabera, "errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari da urtez urte, baina oraindik ere errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago, eta horretan eragin nahi dute kanpaina honekin UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez".
Tokian tokiko errealitate soziolinguistikora egokitzen du UEMAk bere kanpaina. "Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan".
Halere, UEMAtik azaldu dutenez, "egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera. Gipuzkoan, esaterako, Orexa (%71), Zerain (%69), Amezketa (%61), Ataun (%60) eta Abaltzisketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan".
Segidan duzuen UEMA-ren kartelean dituzue errenta euskaraz aitortzeko dituzuen bideei buruzko xehetasunak:
Autolikidazio proposamena: jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
Mekanizatua:
-Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
-Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai aurrez aurre, eta bai telefonoz zein Internet bidez ere.
-Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
Internet bidezkoa:
-Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu.
-Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
-Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu).
Informazio gehiago, uema.eus atarian jaso dezakezue.
