24. Korrika

"Zuen babesarekin, euskararen alde korrika egiten jarraitzen dugu!"

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 30a

Albiste honi atxikitako eskertza mezua helarazi dute Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek egunotan gure artetik igarotako 24. Korrikaren baitan antolatu zuten elkartasun azokaren harira.

Aurrez landutako elkartasun proiektuaren baitan, azoka solidarioa antolatu zuten Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek martxoaren 9tik 13ra ikastolaren Agerialdeko patioan. Ekimen horren bidez, AEK eta egunotan gure artetik igarotako 24. Korrika lagundu nahi zuten; beharrezko dirulaguntza bildu, lekukoa hartzeko erosi nahi zuten kilometroa ordaintzeko.

Azoka hartan, Korrikaren petoak jarri zituzten salgai, belarritakoak, jatekoa... Gogoan izan, martxoaren 25ean zeharkatu zuen euskararen aldeko lasterketak udalerri hau. 24 lekuko hartze izan zituen herri honek Zubietako hipodromo paretik hasi eta Aginagako Mapileraino; ohore hori izandakoen artean ditugu hain zuzen, Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleak. Puntapax kaletik Atxegalde pareraino eraman zuten lekukoa.

Azoka egin eta Korrikan parte hartu ostean, asteotan bizitakoaren balantzea egin eta eskertzeko unea heldu zaie ikastolako LH 6. mailakoei. Ondoko oharra helarazi diote hedabide honi, albiste honi atxikitako irudiekin batera.

Eginiko ahaleginaren ondorioz, 1.090 euro eskuratu dituztela jakinarazi dute. Hortxe duzue, bildutako laguntzaren kartela Etumeta AEK euskaltegikoei helarazterakoan ateratako irudietako batean. Bertako produktuekin osaturiko otarra ere zozketatu zuten eta sariduna ere agertu zen, ondoko beste argazkietako batean ikus dezakezuen moduan.

Eskertza helarazi nahi diete azoka solidarioan parte hartutako guztiei. "Zuen babesarekin, euskararen alde korrika egiten jarraitzen dugu!" jakinarazi dute honako ohar honen bidez:

Eskertza
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Korrika ekimenaren harira antolatutako azoka solidarioan parte hartu duzuen guztioi.

LH6ko ikasleok kilometro bat erosi eta herrian korrika egiteko aukera izan dugu, eta hori posible izan da zuen laguntzari esker. Azokan, Korrikako petoak, belarritakoak, bizkotxoak... saldu genituen, eta egunero guraso asko gerturatu zineten erostera eta laguntzera. Benetan eskertzekoa izan da zuen inplikazioa.

Era berean, Ni Naiz (by Nahia Naiara) eta herriko hainbat saltokiren ekarpenarekin lortutako irabaziak proiektuari bideratu dira.

Eskerrik asko, bihotzez, ekimen hau posible egin duzuen guztioi. Zuen babesarekin, euskararen alde korrika egiten jarraitzen dugu!

Udarregi ikastolako LH 6. mailakoak