Herri erdigunean barrena, astearte honetako ibilaldi osasuntsua

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 30a

"Goazen kalera!" dinamikaren baitako hurrengo ibilaldi osasuntsua astearte honetan, martxoaren 31n egingo dute, herri erdigunean barrena.

Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, nabarmentzeko moduko ekarpena egiten segitzen duen "Goazen Kalera" dinamika martxan da berriz urte hasieratik. Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan, abiarazitako ibilaldiek segida izango dute astearte honetan, martxoaren 31n, oraingo honetan, herri erdigunean barrena. Asteotan ez du etenaldirik izango ekimenak; apirilaren 7an ere herri erdigunean barrena egingo da dinamika.

Orain arteko ordutegiari eutsiko zaio; asteartero egingo dira paseo horiek, 10:30-12:00 artean, Usurbilgo herri eta auzoetan, tokian tokiko frontoitik abiatuta. Taxi zerbitzua eskainiko da herri erdigunetik auzoetara, goizeko 10:15ean Laurok liburu-denda parean.

Ibilaldi bakoitzaren amaieran, bestalde, orain arte bezala, Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestaturiko hamaiketako goxoa dastatu ahalko dute partaideek.

Abuztura arte
Ibilaldi osasuntsuon egutegia kaleratu dute antolatzaileek eta bada nobedaderik. Izan ere, abuztura arte luzatuko da aurten eta datozen jaiegunotan ere ez da etengo ekimena. “Udan ohikoa izaten da hainbat zerbitzu itxi edo etetea, ordutegiak aldatzea, denden ordutegiak murriztea, herria hustea... eta horrek adinekoengan sortzen duen bakardadea arintzeko eskaintza egin zen. Zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak eskaintza berri bat egitea proposatu zuen: ordura arte ez bezala, Artzabalgo Eguneko Arreta zerbitzua abuztuan ere eskaintzeaz gain, astean behin, paseo motz bat eman eta kafe baten bueltan tertulian aritzea proposatu zuten: harrera beroa izan zuen, 35 bat herritarrek parte hartu baitzuten saio horietan. Hala, ekimenaren balorazio positiboa eginda, aurten ere errepikatzea erabaki da, eta, ikaslerik gabe bada ere, udako asteroko hitzorduak ezarrita daude, dagoeneko, egutegian”.

Elkarren arteko zaintza
Herri osoari zuzendurikoak dira ibilaldi hauek. Edonork parte har dezake, doan, aurrez izena eman beharrik izan gabe.

“Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan.

Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko da:
Gizarte zerbitzuen egoitza: Kale Nagusia, 43
943 371 951

Egutegia
Ordua:
10:30-12:00.
Abiapuntua/helmuga: tokian tokiko frontoia.
Oharrak:
-Ekintza auzoetan egiten denean, taxi zerbitzua 10:15ean Laurok parean.
-Ibilaldi amaieran, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek sukaldaturiko hamaiketakoa.
-Ekainaren 16tik aurrera, paseo motzak. Kafea, Artzabalen.

Martxoa
31: herri erdigunean, ikasle gabe.

Apirila
7: herri erdigunean, ekintza berezia. Amaieran, pintxoen ordez kafea Artzabalen.
14: Aginagan.
21: herri erdigunean, ikasle gabe.
28: Santuenean Udarregiko ikasleekin.

Maiatza
5: herri erdigunean.
12: Zubietan.
19: herri erdigunean, Egurtzegitik.
26: Aginagan.

Ekaina
2: herri erdigunean, hastapen eskolara bisita eta eskertza.
9: Santuenean.
16: herri erdigunean, ikasle gabe.
23: herri erdigunean. Ekintza berezia.
30: herri erdigunean.

Uztaila
7, 14, 21, 28: herri erdigunean.

Abuztua
4, 11, 18, 25: herri erdigunean.

Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 43
943 371 951