"Komunitatetik, heriotzaz"

"Heriotzari ertz ezberdinetatik heldu nahi diogu"

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 1a

"Heriotzaren pedagogia: begirada berri bat beldurretik maitasunera" izeneko jardunaldia antolatu zuen Bizipoza elkarteak azaroaren 9an goraino betetako Sutegin. Egun hartako lanketari segida emango diote orain, apiriletik azarora Usurbilgo Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan antolaturiko "Komunitatetik, heriotzaz" solasaldi zikloarekin.

"Helburua izan zen heriotza bizitzaren parte bezala normalizatzea, bai hezkuntza komunitatean eta baita gizartean orohar eta nagusiki irakasleei, hezkuntza komunitateari baliabideak eskaintzea doluaren eta heriotzaren inguruko lanketa hezitzaile hori egiteko", alkate Agurtzane Solaberrietak zikloaren aste hasierako aurkezpenean gogora ekarri zuenez. Jardunaldiei urte osoko segida ematea proposatu zion gero Bizipoza elkarteak Usurbilgo Udalari. Udalak eta herriko hiru ikastetxeek (Udarregi ikastolak eta Zubietako zein Aginagako eskolek) osaturiko Hezkuntza Mahaira eraman zuten eskaera. Harrera ezinhobea izan zuen proposamenak. Hortik, ikastetxe bakoitzaren baliabide eta beharrei egokituriko "proposamen bat landu eta jada hasita gaude horretan". 

Jardunalditik ziklora 
Bizipoza elkarteko eta herrikide Eli Olaizola Aizpuruaren esanetan, hezkuntza komunitateko helduekin eta haurrekin landuko da heriotzaren gaia. "Hil arte bizi" egitasmoko sustatzaile Nere Erkiagak helduekin launa saio eskainiko ditu ikastetxe bakoitzean. Udarregin jada eginak ditu, "lanorduez kanpo. Gaia mardula izan arren, oso balorazio positiboa egin dute. Oso gustura aritu dira". Bosgarren eta azken saioa, irakasleei eta gurasoei zuzendurikoa izango da. Ikastolako saioon ondotik, apirila eta maiatza artean Aginagako eskolan izango du segida dinamika horrek eta uda ostean, irailetik urrira, Zubietako eskolan.

Horrez gain, haurrekin ere guztion bizitzetan unibertsalena den heriotzaren gaia jorratuko dute maiatzetik urrira bitarte, Manex Beristain pedagogoak bideraturiko ipuin kontaketa edota dinamiken bidez. Zubietako nahiz Aginagako eskoletan hiruna saio eskainiko ditu eta bost Udarregi ikastolan. Eskertua agertu zen Olaizola aste hasierako Potxoeneko agerraldian, egun bateko Sutegiko ekimen soila gaian sakontzeko urte osoko plangintzan bilakarazi izanagatik. Udalaren izenean, alkateak berak ere eskertu zuen Bizipoza elkartea "proiektu honetan eman digun laguntzagatik eta sinergia horien hazia Bizipozak erein zuelako". Elkartearen Sutegiko urteroko jardunaldietan "lantzen diren gaiak oso interesgarriak eta gaurkotasun handiko gaiak izaten dira eta ondorioz, herrian bertan halako hausnarketa eta ikasketa gune bat izatea luxua da", alkatearen esanetan. Azkenak, iragan azaroaren 8an egindakoak hain zuzen, "piztu zuten interesa. Jendeak zuen jakinmina eta gogoa eta beharra gai horretan sakontzeko".

Isiltasuna hausteko
Hori gutxi ez eta, Solaberrietak hitzordu berean adierazi moduan, "hari horri tiraka baloratzen genuen ez dela gutxi hezkuntza komunitate osora zabaltzea proiektu hau, azkenean, heriotzaren gaia landu nahi badugu, hezkuntza esparru bezala garrantzitsua delako, baina ikusten genuen beharra haratagokoa bazela eta, beraz, herri osora zabaldutako lanketa izan behar zuela pentsatu eta behar horretatik helduta ere osatu dugu, gaur aurkeztera gatozen urte osorako egitarau edo hitzaldi ziklo hau. Izan ere, Usurbil zaintzen duen herria izateko lanean ari gara aspaldidanik eta horrek eskatzen zigun ere gai honen inguruko lanketari, hausnarketari heltzea, ateak irekitzea, azken batean, heriotza guztion bizitzaren parte ere badelako eta parte izanagatik ere sarri askotan, gehienetan, isilpean edo beldurrez bizi dugu. Oraindik orain, tabu handi bat izaten segitzen du gure etxeetan, familian, lagunartean, eskolan eta orohar, gizartean eta tabuak heriotzaren aurrean egoki jokatzeko izan ditzakegun berezko baliabideak eta potentzialak lantzea eragozten du". 

Solaberrietaren hitzetan, aldiz, "landuz gero ikusten dugu herriak, komunitate batek indar handia izan dezakeela heriotzaren gaia beldurretik maitasunera bideratzeko eta batez ere, heriotzaren inguruan kultura sanoago bat eraikitzeko eta herritarrak gai honen inguruan ahalduntzeko". Helburu horrekin osatu dute segidan duzuen zikloko aurtengo egitaraua. 

Antolatzaileon esanetan, "heriotzari ertz ezberdinetatik heldu eta heriotzari begirada ezberdinetatik begiratu nahi diogu". Lehenengo saioa apirilaren 15erako antolatu dute, Hil Arte Bizi egitasmoko kide Nere Erkiagarekin. Urte amaierara arteko zikloan sakonduko den gaian barneratzen lagunduko digu antolatzaileen esanetan. Hortik aurrera, azarora arte hilero hitzordurik izango da, uda partean izan ezik. Heriotza gaztetasunetik, literaturatik edota kulturartekotasunetik aztertuko duten ekintza guztiak doakoak izango dira, baina aurrez usurbilkultura.eus plataforman izena eman beharko da.