"Oso erraza eta erosoa izan da lankidetza hitzarmen honetara heltzea" zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, iragan astean Potxoenean eginiko sinadura ekitaldi unean bertan, "hasiera hasieratik bi aldeen artean egon delako gogoa, asmoa, jadanik lantzen ari ginen elkarlan hori zerbait zehatzetara eramatekoa". Sinergietatik elkarlanak bideratzeko "herriko edozein eragilerekin lankidetza esparruak topatzea" xede duen helburuarekin bat egiten du hitzarmen horrek, udal gobernu taldearen esanetan.
Iaztik du Iñurri elkarteak egoitza Usurbilen, Askatasuna plaza ondoan hain zuzen. "Minbiziaren akonpainamendu eta dibulgazioan ikuspegi feminista batetik eta kolektiboki" diharduen elkartea da 2019an sortutakoa. Minbizia dutenei edo izandakoei eta haien bidelagunei zuzenduriko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Usurbilen egoitza nagusia irekitzeaz, gogoangarriak izan ziren 2024ean eta iaz, irailean eginiko Iñurri Egun arrakastatsu eta hunkigarriak. Elkartearen jardun eremuaren ildoan lerrokatua da baita Udala ere. "Urteak daramagu lanean Usurbil herri zaintzaileago bat izateko helburuz. Pertsonak ardatz dituen zaintza ereduak bultzatu nahi ditugu eta, beraz, hitzarmen hau ere lanketa horren barruan kokatzen dugu", alkatearen hitzetan. Elkarlan horren baitan, "Iñurri elkarteak konpromisoa hartzen du, hainbat ekimen Usurbilen garatzeko"; horien artean, Emakumeen Etxean ekimenak antolatzea, herri zaintzaileagoa izateko Usurbil egiten ari den lanketarekin bat datozen eta Iñurrik berak jorratzen dituenak sustatzea, edota elkarteak bultzaturiko proiekturen bat herrian jendaurrean aurkeztea.
Elkarri eskertuak
Trukean, Udalak 3.500 euroko dirulaguntza emango lioke urtero aipatu elkarteari. "Udalarentzat eta oro har, Usurbilgo herriarentzat eta bereziki, Usurbilgo emakumeentzat opari bat da Iñurri elkarteak Usurbilen gauzatzea bere jarduna, bere egoitza nagusia hemen izatea eta zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet Usurbil aukeratzegatik beraien topaleku eta plaza", adierazi zuen alkateak hitzarmenaren sinatze ekitaldian.
Eskerrak helarazi zizkien baita elkartetik "emakumeei eskaintzen diezuen babesa, laguntza, sostengua, akonpainamendua". Zaila dena, seguru nago xamurtzen duzue eta hori ez da erraza halako egoera eta ataketan". Ildo horretan, "balio dezala hitzarmen honek zuen lana erraztu eta hobetzeko".
Eskertza bueltan jaso zuen Udalak Iñurri elkarteko ordezkari Miren Cuerdoren ahotik. Izan ere, bere esanetan, "ez da kasualitatea guretzat Usurbil aukeratzea. Beti oso ondo tratatuak izan gara Usurbilera edozer gauza egitera etorri garenean. Ez da bakarrik eroso sentitzen garen eremu bat. Iñurriak datozenean ere oso etxekotuak sentitzen dira Usurbilgo herrian. Hori oso garrantzisua da". Hitzarmenari dagokionean, gaineratu zuenez, "gure jarduna oso aktiboa da. Halako hitzarmenek bermatzen dute aurrera jo ahal izatea. Benetan asko eskertzen dugu zuen babesa".