EHBilduren oharra

"Ez dugu onartuko udalaren izen ona hain modu merkean zikintzerik: denak ez du balio"

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 31

EAJ-k pasa den martxoaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran nahiz horren ostean prentsa ohar bidez adierazitakoaren harira, Usurbilgo EHBilduk oharra kaleratu du.

Usurbilgo EAJ-ren salaketa larrien aurrean, segidan osorik duzuen oharra plazaratu du Usurbilgo EHBilduk. Koalizioaren esanetan, martxoaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran "Usurbilgo EAJk udalaren eta udal-gobernuaren aurka oinarririk gabeko salaketa larriak eta faltsuak egin zituen, beste behin ere". Salaketon aurrean, argi adierazi dute "ez dugula onartuko udalaren izen ona hain modu merkean zikintzerik: denak ez du balio".

Honatx Usurbilgo EHBilduren oharra osorik. Albiste honi atxikia duzue baita, Usurbilgo Udalak zuzenean eskainitako martxoaren 26ko udalbatzaren osoko bilkura. Amaieran, galderen eta eskaeren atalean izan ziren lerrootan mintzagai ditugun salaketok, Udalak zuzenean eskainitako emanaldiaren 55. minututik aurrera hain zuzen.

Usurbilgo EAJk egindako salaketa larrien harira
Joan den martxoaren 26an, osoko bilkuran, Usurbilgo EAJk udalaren eta udal-gobernuaren aurka oinarririk gabeko salaketa larriak eta faltsuak egin zituen, beste behin ere. Argi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko udalaren izen ona hain modu merkean zikintzerik: denak ez du balio.

Salaketaren oinarrian belarra mozteko makina baten erosketa dago. 2025 hasieran, udalak belarra mozteko makina bat erosteko prozedura abiatu zuen: esleipena jarri zuen martxan, Kontratatzailearen profilean argitaratuta. Martxoaren 13an sinatu zuen kontratua Berri Lantegia SL-rekin, 64.372 eurogatik (BEZ barne): hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hiru hilabeteko epea zuen makina udalari hornitzeko. Makinak Usurbilen behar zuen ekainaren 14rako: epe hori ez zen bete.

Makina irailean iritsi zen: irailaren 19an sinatu zen makina jaso izanaren harrera akta. Makina 95 eguneko atzerapenarekin jaso zuen udalak: lizitazioaren oinarrietan jasotako irizpideei jarraiki, atzerapen horrengatik 3.058 euroko isuna zegokion hornitzaileari. Haatik, ez zen atzerapenari buruzko oharrik jaso harrera aktan. Atzerapenagatik “deskontu komertziala” aplikatzea proposatu zuen teknikariak, atzerapenaren ondorioak pairatu zituen lorezaintza zerbitzua indartzeko asmoz. Udaleko idazkariak txosten juridikoan aztertu zuen harrera akta sinatu ondoren kontratistari atzerapenagatik zigorrak ezartzea juridikoki bideragarria ote zen. Atzerapena egiaztatzen duen txostenik ez zegoenez, eta bost hilabete igaro zirenez harrera akta sinatu zenetik, ondorioztatu zuen ez zegoela segurtasun juridikorik berandutze zigorrak ezartzeko.

Gaia, beraz, bere horretan gelditu zen.

Lau batzorde informatzailetan landu da gaia: abenduan, urtarrilean, otsailean eta martxoan. Usurbilgo EAJk dioenez, horietako bakoitzean bertsio desberdin bat jaso dute, eta gezurra da: egindako galdera bakoitzeko txosten bat eman zaie erantzun gisa, eskatu ahala. Lehen ere esan izan dugu, eta berriro esango dugu: gauzak beti egin daitezke hobeto, baita kasu honetan ere. Ez daukagu hori onartzeko inolako erreparorik. Haatik, ez kasu honetan ez inoiz, udalean ez da kudeaketa irregularrik ez legez kanpoko kudeaketarik egon.

Kasu honetan, bereziki larria iruditzen zaigu, gainera, EAJ taldeak bere prentsa oharrean udal-teknikariaren ahotan jarri izana “legezko bidetik kanpo” ibili izanaren aitortza. Udal teknikariak ez zuen halakorik esan ez egin ere: zentzu horretan, EH Bilduk bere babesa adierazi nahi dio udal-teknikari horri zein gainerako guztiei ere.

Udal-gobernuak osoko bilkuran esan zuen: administrazioaren prozedurak betetzeko erantzukizuna, lehenengoa, udal-langileena da, eta udal-gobernuak kontrakorik ikusiko balu lehenengoa litzateke hori salatzen. Udal-gobernuak ez du udal-langileen profesionaltasunaren inguruko zalantzarik, eta ez du onartuko halako salaketa faltsu eta larririk: denak ez du balio. Ez da lehenengo aldia Usurbilgo EAJk salaketa faltsuak haizatzen dituena: herri honentzako proiekturik ezean zarata baino ez dute eskaintzeko, eta ez dugu onartuko udalaren izen ona modu hain merkean zikintzea. Horregatik, dei egiten diogu EAJri oposizio arduratsua egitera eta zintzotasunez aritzera.

Bestalde, alkateak osoko bilkuran esan zuen EAJk aipatutako batzorde informatzaileen aktak publiko egingo zituela, udalak ez daukalako ezer ezkutatzeko. Udaleko batzorde eta batzarren publikotasuna arautzen du udalaren arautegi organikoak, eta aipatzen dituen batzordeen aktak publiko egin daitezkeen idazkariaren txostenaren zain dago udal-gobernua. EH Bilduren udal-gobernuak ez du ezkutatzeko ezer: gardentasunez aritzeko konpromisoa irmoa da.