Dantza batean datorkigu apirila

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 1a

Dantzan hasi eta amaituko dugu Usurbilgo herri bizitzari dagokionean, estreinatu berri dugun urteko laugarren hilabete hau. Izango dira baita, halere, bestelako hitzordu gehiago hurrengo asteotan; hala nola "komunitatetik, heriotzaz" jarduteko solasaldia, Usurbil K.E.-ren Garagardo Azoka edota bertso-ibilaldia Aginagako sagastietan barrena, bidelagun ezagunekin.

Opor giroan, jaiegun artean ekingo diogu aurten, urteko laugarren hilabete honi. Ondorioz, herri bizitzari dagokionean ere etenaldia izango da egunotan. Salbuespen bakarra izango da, ostegun honetarako, apirilaren 2rako Usurbildik Arantzazura oinez joateko antolaturiko txangoa.

Gainerakoan, hilaren 11tik aurrera hasiko dira hilabete amaierara arte programatuak dauden ekintzak. Albiste honen lerroburuak dioen moduan, dantzan hasi eta bukatuko dugu apirila. Hasi, Aginagan, apirilaren 11n aipatu moduan, Korrontzikoen eskutik. Iazko Euskararen Galan parte hartu ostean bueltan datoz Aginagako Eliza Zaharra Elkargunera, "Mundua dantzan jarriko nuke" izeneko emanaldiarekin. Oinkari (Billabona), Harribil (Orio) eta Orbeldi (Usurbil) dantza taldeek parte hartuko dute 19:00etan hasiko den hitzorduan.

Orbeldi aipatuta, haien eskutik borobilduko dugu dantza batean joango zaigun apirila. Izan ere, badator 14. Dantza Eguna; oraingo hau, hilaren 25ean ospatuko da. Hasteko, 7. Dantzari Txiki ospatuko da goiz partean, kalejira eta frontoiko ekitaldiarekin. Herri bazkaria antolatu dute gero Askatasuna plazan; arratsalde parterako, aldiz, erromeria Artzabalen, Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallusekin. Eta gau partean, Orbeldi hilabeteotan ontzen joandako "Aitaren Gutuna" ikuskizunaren estreinaldia. Segidan, Iratzar taldekoekin erromeria giroa izango da Mikel Laboa plazan.

Dantza Eguna, apirileko azken larunbatean egingo da, izatez Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak plazaratu ohi diren egunean. Hilabete honi dagokion kantu-jira, ordea, egunbete atzeratuko dute oraingoan, biharamunera, hilaren 26ra. Herri erdigunean barrena biran joango dira, kantuan.

"Polen" erakusketara eta sagastietara bisita gidatuak
Lehenxeago, goiz partean beste irteera bat izango da, kasu honetan, Aginagan. Alkartasuna kooperatibak urtean bitan deitu ohi duen bertso-ibilaldia programatu du hilaren 26an, sagastietan barrena. Bidelagun ezagunak izango ditu; Jakoba Errekondo herrikidearen azalpenak, Maialen Lujanbioren eta Andoni Egañaren bertsoekin tartekatuta.

Ibilaldi horretarako erreserbak 650usurbilbizi.eus atarian egin beharko dira aldez aurretik, 650 Usurbil Herri Bizi herri egitasmoak ere bat egin baitu hitzordu horrekin. Apirilerako iragarritako bisita gidatuetako bat izango da baina ez bakarra; proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko askotariko irteerak programatu dituzte. Horien artean, izango da berrikuntzarik asteotan. "Polen" izena du Jokin Eizagirre herrikideak Sutegin apirilaren 20ra arte zabalik izango duen erakusketak. Bere artelan bilduma ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu dituzte.

Liburuaren Eguna
Sutegitik irten gabe, udal liburutegiak apirilaren 23ko Liburuaren Egunarekin batera helduko diote berriz, urtean zehar bideratu ohi dituzten ekintzen ziklo oparoari, Itxaro Borda gonbidatu izango duen "Itzalen Tektonika" emanaldiaren eskutik. Hilaren 28an, Ixabel Agirresarobek "liburua lagun, ipuina kontakizun" emanaldia eskainiko du.

Agirresarobek datorren asterako Kalezarko Pelaioenean eskaini asmo du antzerki tailerra LH 3-6 mailakoentzat, Belmonte auzo elkarteak antolatuta. Auzo elkartearen egoitza da Pelaioenea, baita Usurbilgo Emakumeen Etxearena ere. Azken eragile honen eskutik, "Filipa Balbina: klown emakumeak historian" emanaldia antolatu du apirilaren 18an. Ikuskizun-dokumentalaz gozatzeko aukera izango da Bea Larrañaga artistaren eskutik.

Garagardo Azoka
Asteburu horren bueltan ospatuko da, bestalde, Usurbil Kirol Elkartea antolatzen ari den Garagardo Azoka. Apirilaren 13tik 16ko astebururako prestatzen ari dira. "Aurten ere herrian giro paregabea sortzea dugu helburu. Musika, kirola, jan-edana eta lagunartea uztartuko dituen asteburua izango da", aurreikusi dute. Egitarau oparoa osatu asmo dute. "Bazkariak eta afariak, kontzertuak, mus txapelketa, Errege Kopako finala ikusteko aukera… eta, gainera, asteburuko une berezietako bat izango da senior mutilen etxeko azken partida, Barakaldoren aurka, oso garrantzitsua eta denon babesa beharko duena", iragarri dute. Boluntarioak behar dituzte. Interesdunek esteka honetan eman dezakete izena: https://docs.google.com/spreadsheets/d/1C-LTFXcAP3BB9egfIUph1TDn2bXfZ7FSCR4ocC_nh4E/edit?usp=sharing

Heriotzaz
Azkenik, "komunitatetik, heriotzaz" aritzeko zikloa antolatu du Usurbilgo Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan. Lehen saioa, apirilaren 15erako iragarri dute; "heriotzaren aurrean hobeto kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero" izenekoa.

Saio horretarako eta beste hainbat hitzorduetarako izena eman edo sarrerak eskuratu daitezke aldez aurretik usurbilkultura.eus plataforman. Bertan dituzue horietako hainbat ekintzei buruzko xehetasun gehiago, baita web orrialde honetako "Agenda" atalean ere.