Udajolas

Udajolasen izena emateko epea apirilaren 16an irekiko da

Erredakzioa 2026ko apirilaren 7a

Udaberrian sartzearekin batera, gurasoen telefono deiak pilatzen hasten dira NOAUA!ren bulegoan. Udajolasen izen-ematea gertu dagoen seinale. Udalak antolatu eta NOAUA!k kudeatzen duen zerbitzu honetan izena emateko epea apirilaren 16an zabalduko da. Herriko jaien ondoren abiatuko da aurtengo Udajolas, eta uztailaren 30era arte egongo da martxan.

Udajolas, Usurbilgo 4-12 (HH3-LH6) urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko Udalekua da. Astelehenetik ostiralera izaten da, uztailak 6an hasi eta uztailaren 30ean amaituko da, 9:30-13:30 ordutegiarekin. Ostegunetan irteerak egiten dira eta 16:30ean bukatzen da.

Udajolasen helburua Usurbilgo haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, gure hizkuntza den euskararen normalizazioa bultzatzeko.

Atal berezi bat osatu dugu Udajolasen inguruan. Esteka honetan dituzue xehetasun guztiak: https://noaua.eus/bereziak/udajolas-2026

 

Dena den, albistearen sarreran esan bezala, izen-ematea ez da apirilaren 16ra arte zabalduko.