Diru kontuak Ogasunarekin argitzeko garaia heldu da. Iazko errenta tramitatzeko aukera duzue jada, zenbait modalitateetan. Hemen, aurtengo kanpainara begira Gipuzkoako Foru Aldundiak finkaturiko daten berri:
-Martxoaren 30etik aurrera: proposamenak jaso eta ikusteko aukera webgunean.
-Apirilak 7-uztailak 2: proposamenak onartzea telefonoz, internet bidez edota "Errenta+" aplikazioaren bidez.
-Apirilak 7-uztailak 2: errentak telematikoki tramitatzeko epealdia.
-Apirilak 13-ekainak 8: errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epealdia.
-Apirilak 14-uztailak 2: errentak modu mekanizatuan tramitatzeko epealdia.
Informazio gehiagorako: 943 113 000 / gipuzkoa.eus
Aldaketak
Zenbait egoitzapenen berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak tramitazio horri begira. Izan ere, aurreikuspenen arabera, gipuzkoarren %80ari eragingo dion "zerga sistemaren erreforma fiskala onartzen duen Foru Arauaren bidez 2025ean hartutako neurri nagusien aplikazioaren urtean, Foru Ogasuna IZFErekin elkarlanean aritu da bere programa eta aplikazio guztiak egokitu eta hainbat informazio tresna garatzeko, kanpainan gorabeherarik izan ez dadin" eta Ogasunaren buletagoetara joan beharrik izan gabe, "zergadunek beren aitorpena modu eroso eta erraz batean baieztatu edo aldatu ahal izatea, nahiago duten bidea erabiliz".
Oraingo hau, "kanpaina konplexuagoa da, PFEZean kenkari ugari sartu direlako lehen aldiz, adin desberdinetako zergadun askori mesede egingo dietenak, eta hortaz gure helburua ahalik eta erraztasun handienak ematea eta zerbitzurik eraginkorrena eskaintzea da ", jakinarazi du ogasunetako eta finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek.
Horretarako, "Zergabidea programara deskargatu, aldaketak egin ("kenkari berriak sartzea", adibidez) eta, ondoren, aitorpena internet bidez aurkezteko bidea", ahal bezainbeste sinplifikatu dutela ohartarazi dute. Horrekin batera, “autolikidazio proposamena onartzeko aukera posible guztiak jarri ditugu zergadunaren esku”, ogasunetako eta finantzetako foru diputatu Itziar Agirreren esanetan. Hiru aukera zehaztu dituzte autolikidazio proposamena online onartzeko; aldaketarik gabe onartzea, aldaketekin onartzea edota edozein kontzeptu aldatuta onartze IFZ eta proposamenaren kodearekin.
Errenta aitortzeko beharrezko argibideak jasotzeko bideo tutorial sortu prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helbide honetan dituzue ikusgai eta entzungai: gipuzkoa.eus
Informazio gehiago jasotzeko beste bi esteka ere jarri dituzte zergadunen esku; batetik, erreforma fiskala aplikatzeko irizpideei buruzko xehetasunen galde-erantzunak eta bestea, gazteen errenta aitorpenean neurriei buruzko informazio gida.
Besteak beste, erreforma fiskalaren neurrien artean dira honako hauek: gipuzkoa.eus
Aldundikoen aurreikuspenen arabera, "guztira, 330.000 zergadun inguru mesedetuko dituzte arlo hauetako neurri berriek: etxebizitza, zainketak, gizarte aurreikuspena, kontziliazioa, trantsizio ekologikoa edo behar espezifikoak dituzten familia eta kolektiboentzako laguntza". Onartutako neurri fiskalek "105 milioi euroko eragina izango dute zergadunaren alde PFEZean”.
20.000 eurotik beherako lan etekinak jasotakoek ez dute errenta aitortu beharrik izango ezta 14.000-20.000 euro arteko "bi etekin edo gehiago" jasotzen dituztenek ere, gainerakoek bai.
Euskaraz tramitatzeko deia
Herritarrok administrazioarekin ditugun hartuemanak euskalduntzen segi eta hizkuntza horretan izatea sustatze aldera, errenta euskaraz aitortzeko kanpaina abiarazi du Usurbilgo udalerria barne hartzen duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udal eta foru ogasunekin lankidetzan. "Euskararen aldeko hautua egitea da aurten ere, kanpaina honekin UEMAk eta udalek lortu nahi dutena".
Mankomunitate horren arabera, "errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari da urtez urte, baina oraindik ere errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago, eta horretan eragin nahi dute kanpaina honekin UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez".
Tokian tokiko errealitate soziolinguistikora egokitzen du UEMAk bere kanpaina. "Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan".
Halere, UEMAtik azaldu dutenez, "egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera. Gipuzkoan, esaterako, Orexa (%71), Zerain (%69), Amezketa (%61), Ataun (%60) eta Abaltzisketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan".
Usurbilgo datuak jakinarazi ditu Udalak. "Gero eta herritar gehiagok egiten du errenta euskaraz, eta azken ekitaldikoak izan ziren daturik onenak", nabarmendu du. Hona hemen, azken urteotan errenta euskaraz tramitatu duten herritarren kopurua:
-2024ko ekitaldian 1.332 lagunek, %35ek.
-2023ko ekitaldian 1.213 lagunek, %34,1ek.
-2022ko ekitaldian 1.075 lagunek, %32,32k.
-2021eko ekitaldian 1.021 lagunek, %31,09k.
Euskaraz tramitatzeko bideak
Segidan duzuen UEMA-ren kartelean dituzue errenta euskaraz aitortzeko dituzuen bideei buruzko xehetasunak:
Autolikidazio proposamena: jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
Mekanizatua:
-Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
-Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai aurrez aurre, eta bai telefonoz zein Internet bidez ere.
-Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
Internet bidezkoa:
-Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu.
-Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
-Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu).
Informazio gehiago, uema.eus atarian jaso dezakezue.
