Martxoaren 27ko datarekin argitaratu zuen hedabide honek azken aldizkaria. Ordutik, ez duzue aldizkaririk jaso postontzian; ez pasa den astean, apirilaren 3an. Egunotan, hilaren 10eko datarekin egokituko litzatekeen astekaririk ez da banatuko. Bi asteotako etenaldiaren ondotik, hilaren 17an plazaratuko du NOAUA! K.E.-k hurrengo papereko argitalpena, 1071. zenbakiduna hain zuzen. Ordurako oharrik baduzue bideotatik helarazi dezakezue: erredakzioa@noaua.eus / 943 360 321.
Hobaria, bazkidetzaren truke
Iazko errenta aitortzeko garaia heldu den honetan, NOAUA! Kultur Elkarteko bazkide izateagatik hobaria jaso dezakezuela. Hortxe, bazkidetzak dakarren onuretako bat. Gogoan izan, NOAUA! K.E.-ko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean aipatu moduan, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue, web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Errigora
NOAUA! Kultur Elkarteak bat egin zuen beste behin, 24. Korrikak omendutako Errigoraren udaberri hasierako "Eskuz Esku" kanpainarekin. Martxoaren 18ra arte eska zitezkeen Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak. Hala eginda, erosketa horien irabazien laurdena eremu horietako euskalgintza laguntzera bideratuko da. Kanpaina horretan eskaturiko produktuen banaketa maiatzaren 8an (16:30-19:30) eta 9an (09:30-12:30) egingo du kultur elkarte honek; iaz bezala, Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan.
30 urte
Hiru hamarkadako ibilbidea osatu du kultur elkarte honek. Maiatzean beteko dira 30 urte hain zuzen, 0. alea argitaratu zuenetik. 1996. urteko maiatzeko Sagardo Egunaren bueltan izan zen. Urtemuga hau ez da oharkabean igaroko. Hilabeteotan, xehetasun gehiago.