
Giroa ez zen atseginena, baina erronka bete eta beste urte batez hamarka luzeetako ohitura berritu dute jada. Lerrootako protagonistek beraiek bidalitako argazkiak dituzue albiste honi atxikitakoak, apirilaren 2an Usurbildik Arantzazuraino oinez joan zirenenak. Aipatu moduan, ez zuten giro ederrena izan, baina lagunarte ederrean ekin zioten bideari, ostegun goizaldean goiz; aurten, ohi baino goizago, helmugara lasaiago heltzeko. Izan ere, goizaldeko 4:00etan abiatu ziren Mikel Laboa plazatik.
63 kilometro luze izaten ditu ibilbideak. Tarte horretan zenbait geldialdi egin ohi dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Helmuga horretan, ohitura hau sustatzen hasitako herrikide beteranoak batu zaizkie aurtengoan ere, hedabide honetara helarazitako argazkietan ikus dezakezuen moduan.
Hamarkada luzeetako usadio zaharrari eutsi diote aurtengoan ere, belaunaldi artekotasuna ere sustatu duen hitzordu honek. Duela lau hamarkada inguru "3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen, usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. Berrogeitik gora laguneko taldea izatera ere heldu ziren.
Hamarkada luzeon ondotik, bistan denez, ohitura honek bizirik segitzen du.

