650 Usurbil Bizi

Museo Irekia bisita gidatua larunbatean eta Zumeta Arte Estudiora gero

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 8a

650 Usurbil Bizi herri egitasmotik, zazpi bisita gidatu antolatu dituzte estreinatu berri dugun hilabete honetarako; lehenengoa, larunbat honetarako, apirilaren 11rako.

Usurbilgo herri nortasunean nahiz bertan abian diren proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko bestelako turismo eskaintza sustatzen segiko du udaberri honetan ere 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Zazpi bisita gidatu antolatu ditu apirilerako eta beste hiru gutxienez, maiatzerako. Segidan dituzue zerrendatuak. Lehenengoa, larunbat honetarako, apirilaren 11rako prestatu dute; lehenbizi, herriko kaleetako kultur sorkuntza sakonago ezagutzeko aukera izango da eta gero, Txikierdiko Zumeta Arte Estudiora bisita egingo da.

Usurbilgo kaleetako kultur sorkuntza, Salbatore elizako ondarea, sagardoaren kultura, tokiko zaintza nahiz hondakinen kudeaketa ereduak sakonago ezagutzea ahalbidetuko dute hitzorduok. Bada, ordea, nobedaderik. Izan ere, batetik, Jokin Eizagirre "Txitxo" herrikideak bere sorkuntza lanekin, tamaina handiko oleo-pinturekin eta eskulturekin martxoaren 20az geroztik apirilaren 19ra arte Sutegin zabalik duen "Polen" izeneko erakusketara ere bi bisita gidatu antolatu dituzte; horietako bat Museo Irekiarekin konbinaturikoa. Bestea, Txitxok berak komentaturiko bisita izango da. "Artistak berak azalduko du bere lana, sorkuntza-prozesua eta piezen atzean dauden ideiak".

Erakusketaren ardatza naturan oinarritzen da: polena hedatzen den bezala, kolorea eta materia espazioan zehar zabaltzen dira, bizitzaren eta sorkuntzaren hasiera irudikatuz.

Erakusketa apirilaren 20ra arte izango da zabalik Sutegin, ordu honetan:
-Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00.
-Larunbat eta igandeetan: 11:30-14:00/17:30-20:00.

Bisita gidatuen eskaintza horretan, bada bestelako nobedaderik. Izan ere, hilabete amaieran bertso ibilaldia antolatu dute Alkartasuna Kooperatibakoekin batera Aginagako eta Txokoaldeko sagastietan barrena, Jakoba Errekondoren argibideekin eta Maialen Lujanbio zein Andoni Egaña bertsolariekin.

650 Usurbil Bizi: datozen bisita gidatuak
Apirilak 11, larunbata
11:00-13:15 Museo Irekia-Zumeta Arte Estudioa bisita gidatua.

Apirilak 17, ostirala
18:30-19:30 Bisita komentatua Sutegiko "Polen" erakusketan, bere egile Jokin Eizagirre "Txitxo" usurbildarrarekin.

Apirilak 19, igandea
11:00-12:15 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Sutegiko "Polen" erakusketa.

Apirilak 22, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Apirilak 24, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Apirilak 25, larunbata
11:00-12:45 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Salbatore eliza.

Apirilak 26, igandea
10:00-12:30 Usurbilgo sagardo kultura: bertso ibilaldia Aginagako eta Txokoaldeko sagastietan barrena, Aginagako plazatik abiatuta, Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Maialen Lujanbio zein Andoni Egaña bertsolariekin.

Maiatzak 16, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua, organo erakustaldiarekin (gazteleraz).

Maiatzak 27, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Maiatzak 29, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus