Mundu zabalean jasanezina den egoeraren aurrean aski dela aldarrikatzeko mobilizazio nazionala deitu du Gernika Palestina Herri Ekimenak apirilaren 25ean Donostian. Arratsaldeko 17:30etan Alderdi Ederretik abiatuko den hitzordua Gernika bonbardatu zutenetik 89 urte bete aurretik, bezperan egingo da eta Israelek palestinar herriaren aurkako genozidioa hasi zuenetik bi urte eta erdi bete berritan.
Mobilizazioa aurkezteko martxoaren 31n eginiko agerraldian parte hartu zuten, besteak beste, iragan abenduan Palestinarekin bat egindako Usurbilgo Mundualdiko protagonistak. Izan ere, udalerri honetako jatorri aniztasuna plazaratu eta sorterri guztietako usurbildarren arteko harremanak estutzea xede dituen jaialdiko gonbidatu nagusiak izan ziren Gazako Sol Band taldeko kideak. Bizi dutena abesti bihurtu eta plazaz plaza, munduan barrena zabaltzen ari dira azkenaldian Euskal Herrian. Usurbilgo Mundualdian salatu zuten, urrian egun batetik bestera Palestinan indarrean jarritako "su-etena" ez zela egiazkoa. "Ez da ezer aldatu, egoera orain okerragoa da", salatu zuten.
Hitz horiekin bat egin du baita, Gazako Sol Band taldeko kideak partaide izandako Gernika Palestina Herri Ekimenak ere, hilaren 25eko Donostiako mobilizazio nazionala iragartzeko agerraldian. "Eraso ilegalak ugaritu dira Palestina osoan", nabarmendu dute egunotan. Horren harira, "genozidioari, egoerari ez zaio konponbide politikorik ematen ari". Horregatik, "Palestinaren aitortza eta errespetua eskatzen" dute aipatu herri ekimeneko kideek eta euskal herritarrei "mobilizatzeko, protestatzeko, aktibatzeko, hitza hartzeko" deia egin diete. Izan ere, "egoera jasanezina da Palestinan eta mundu osora hedatu da, eta nahikoa da esateko ordua da".
Hilaren 25eko hitzorduaren bidez, "beste behin, Gernikaren herritik munduari inpaktu-irudi bat eskainiko diogu", iragarri dute.
Hemen, Gernika Palestina Herri Ekimenak Donostiako mobilizazioaren harira kaleratua duten oharra:
"Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez!"
Zergatik mobilizazioa?
Egoera jasanezina da Palestinan eta mundu osora hedatu da, eta nahikoa da esateko ordua da. Palestinari dagokionez:
–Genozidioari, egoerari ez zaio konponbide politikorik ematen ari.
–Eraso ilegalak ugaritu dira Palestina osoan.
–Gazan ezinbestekoa den laguntza humanitarioa ez da heltzen eta oztopoak baino ez ditu aurkitzen. Zentzu horretan, bat egiten dugu aterako den elkartasun Flotilla berriarekin.
–Palestinaren aitortza eta errespetua eskatzen dugu.
Bi urte baino gehiago daramagu Euskal Herritik Palestina babesten eta euskal gizartea aktibatzen eta artikulatzen. Lehen aipatu dugun munduaren egungo egoerak Palestinak jasaten duen genozidioa du abiapuntutzat.
Egoera orokorrari dagokionez:
Israel Gazan gelditu izan bagenu ez geundeke horrela.
Genozidioa, gerra, biolentzia, mehatxuak, blokeoa, krisi humanitarioa, desplazamenduak, goseteak, bahiketak… naturalizatu dira. AEBekin batera, inpunitate osoz, biolentzia eta basakeria baliatu dute beren interes geoestrategikoak inposatzeko. Munduaren egoera jasanezinaren erantzule nagusiak dira.
Gauzak horrela, zera hau esan dezakegu:
–Gerra kontinente guztietara zabaldu dela.
–Nazioarteko legedia etengabe urratzen dela.
–Indarraren politika gailendu dela.
Egoera honen aurrean ZER?
–Euskal Herria ezin da besoak gurutzaturik geratu.
–Euskal gizarteari dei bat egin nahi diogu mobilizatzeko, protestatzeko, aktibatzeko, hitza hartzeko.
Horregatik: Gernikaren herritik genozidiorik ez, gerrarik ez! Aldarrikatzen dugu.
Arazoa ez da Palestina, inoiz ez da izan.
Ezin dute inpunitaterik izan, epaituak izan behar dira.
Israelekin harreman guztiak eten behar dira arlo guztietan.
Genozidioa eta gerraren ondorioak
–Gainera, ondorioak ez dira soilik lurralde horientzat, zibilizazio osoak eta Euskal Herrian ere jasaten ari gara.
–Herritarrak gara kalteak ordaintzen ditugunak.
–Gerrek eta genozidioek ez dute justifikaziorik.
Elkarrizketa eta negoziazioa ezinbestekoak dira bakea eta justizia erdiesteko eta horrela aldarrikatuko dugu Donostian apirilaren 25ean.
Beste behin Gernikaren herritik munduari inpaktu-irudi bat eskainiko diogu.
