Andoni Aizpeolea Oyarbide zendu da

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 8a

Egunotan zendu eta eman zaio azken agurra, Andoni Aizpeolea Oyarbide "Aizpe" herrikideari.

Jaiegunotan zendu eta eman zaio azken agurra Andoni Aizpeolea Oyarbideri. Sortzez zegamarra, urteak zeramatzan Usurbilen bizitzen eta bertan errotua zen.

Azkenekoz, bere berri, albiste honi atxikitako dokumentalean izan genuen; duela urtebete, 2025eko martxoaren 25ean Sutegin eginiko "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldian aurkezturiko izen bereko Udalaren ikus-entzunezkoan agertu zen hain zuzen. Zaintza eredua eraldatzeko herri honek eginiko bidearen erakusgarri izan zen sorkuntza lan horretan bere lekukotza eskaini zuen Aizpeoleak. Azkenaldian, Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzen auzunean bizi zen.

Palan eta eskuko bizikletan
Mende laurdena lehenago, eskiatzen ari zela ezbeharra izan eta gurpildun aulkian geratu zen. Dokumentalean gogorarazi zuen moduan, 30 urte zeramatzan Usurbilen bizitzen. "Nire bizitza hemen dago, Usurbilen eta kalean", aldarrikatu zuen.

Hori, publikoki bere berri izan genuen azken aldia izan zen. Baina aurretik, bereziki kirolari lotutako albisteengatik izan dugu bere berri. Kirolaren onura aldarrikatzen zuen eta baita praktikara eraman ere. Esaterako, Behobia-Donostian eskuko bizikletan parte hartu zuen edizio bat baino gehiagotan.

Palan ere aritu izan da Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolaturiko txapelketetan. Lehiaketetan, erakustaldietan Usurbilgo frontoian ikusi izan dugu, besteak beste, talde kide izandako Beñat Lizaso usurbildarrarekin.