Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

"Propaganda eta promesa gehiagorik ez, benetako konponbideak orain!"

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 9a

Osakidetzaren egiturazko arazoak konpontzea galdegiteko manifestazio bana deitu dute apirilaren 18rako Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek Osakidetzaren hiru lurraldeetako hiriburuetan; Usurbildik gertuen, Donostian. Hitzordu horri begira, manifestua kaleratu dute. Atxikimenduak biltzen ari dira.

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek manifestazio bana deitu dute apirilaren 18rako Osakidetzaren lurraldeko hiriburuetan; horietako bat Donostian. 17:00etan abiatuko da Bulebarretik. 

Hitzorduotan, "propaganda eta promesa gehiagorik ez, benetako konponbideak" galdegin nahi dituzte; guztia, murrizketarik eta pribatizaziorik gabeko "kalitatezko osasun arretaren alde".

Mobilizazio horiei begira manifestua kaleratu dute aipatu herri plataformek. Norbanakoen nahiz eragileen atxikimenduak biltzen ari dira opaherriplataformak.eus atarian.

Hemen duzue osorik, manifestazio horien deitzaileek kaleraturiko adierazpena:

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen adierazpena
Nahikoa da, propaganda eta promesa gehiagorik ez, benetako konponbideak orain! Kalitatezko osasun arretaren alde, murrizketa eta pribatizaziorik gabe!

Osasunerako eskubidea arrisku larrian dago Euskal Autonomia Erkidegoan. Osasun-sistema publikoaren etengabeko narriadura eta pribatizazioa jasaten ari gara.

Adostasunik gabe eta sindikatu, alderdi eta gizarte-erakunde ugarik baztertu duten “Euskal Osasun Ituna” deiturikoa onartu eta zortzi hilabeteetara, osasun sailburuak balantze triunfalistak saltzen jarraitzen du, egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen duten bitartean.

Urtero, murrizketak aplikatzen dira bost hilabetez, "kontingentzia-plan" bezala mozorroturik: zerbitzuen ixtea, ordutegien murriztea, medikurik gabeko zentroak edo prestakuntza osatu gabe duten profesional egoiliarrekin artatuak, eta larrialdiak kolapsatuta.

Narriadura honek asistentzia-kalitatea eta Osakidetzako langileen lan-baldintzak okertzen ditu, lan zama eta lanordu gainkargekin, %40tik gorako behin-behinekotasunarekin eta partehartze soziala eta profesionala mugatzen duen kudeaketa-eredu autoritario batekin.

LEPek ez dute benetako enplegurik sortzen, eta maiz dira alferrikakoak, betetzen zailak diren lanpostuak finkatzea lortzen ez duen heinean. Eta sistemak gainezka egiten duenean, errezeta berdinera itzultzen da: aparteko ordu gehiago, lan-taldeak indartu beharrean.

Pribatizazioa aurrera doa. Aurten, 500 milioi enpresa pribatuetara joango dira, eta ez dago pribatizaturiko zerbitzuak berreskuratzeko borondaterik. Dagoeneko, hiru pertsonatik batek aseguru mediko pribatu bat dauka gainera. Helburua argia da: arlo publikoa ahultzen da negozio pribatua indartzeko.

Inbertsio-funtsek eta osasun-enpresa handiek finkatzen dute eredu bat non, osasun pribatua ekonomikoki errentagarria denarekin geratzen den, publikoak konplexua eta garestia dena bere gain hartzen duen bitartean. Horrela, onurak pribatizatu eta galerak sozializatzen dituzte.

Lehen Mailako Arreta da, osasun-sistemaren zutabe kaltetu nagusia. Itxaron-zerrendak goranzko joeran. Astebete baino gehiago familia-medikuntzan sartzeko, espezialitate batzuetan urtebetetik gorako atzerapenak, eta asistentzia-gainkargaren ondorioz, agortutako profesionalak.

Bitartean, aurrekaririk gabeko propaganda-kanpaina baten bidez, azpiegitura handiak iragarri ditu sailburuak, baina profesionalak falta dira horiei erantzuteko. Adreilua konponbideekin nahasten du, eta iragarritako inbertsioak ozta-ozta iristen dira Lehen Mailako Arretara, prebentziora eta osasun komunitariora. Prebentzioan oinarritu ordez, gaixotasunaren tratamenduan oinarritutako eredu ospitale-zentrista bat sendotuz. Horrez gain eta duela gutxi ikusi ahal izan dugun moduan, gardentasun falta kezkagarria dago, iraungitako txertoen afera eta 12 ESItan atzemandako kontrol-akatsak ezkutatu nahi izateak erakusten duen moduan. Osasun eta politika arloko eskandalu larria da, eta erantzukizunak eskatzen ditu, besteak beste, sailburuaren dimisioa.

Sinatzaileok beste Osakidetza bat defendatzen dugu: publikoa, unibertsala eta doakoa. Lehen mailako arreta erdigunean duena, hurbilekoa, irisgarria eta gizatiarra. Osasunaren prebentzioan eta sustapenean oinarritua, gizarte-baldintzatzaileen gainean jarduten duena; aurrez aurreko kontsultak bermatzen dituena, herritarrak artatzeko denbora nahikoa izango duena eta langileen baldintzetan eta ondorioz, herritarrekiko asistentzian jarraikortasuna bermatuko duena.

Osasun publikoaren narriadura gelditzeko, ezinbestekoa da:

  • Pribatizazioa gelditzea eta kanporatutako zerbitzuak berreskuratzea.
  • Murrizketak amaitu eta itxi diren zerbitzuak berriro irekitzea.
  • Finantzaketa publikoa handitzea.
  • Lehen Mailako Arreta, osasun komunitarioa eta Osasun Mentala indartzea.
  • Langile kopuru nahikoak eta egonkorrak bermatzea.
  • Kudeaketa-eredu gardena eta parte-hartzailea ezartzea.
  • Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea osasun publikoan, eta euskararen erabilera benetan normalizatzea.

Osakidetzan ez dugu propaganda gehiago behar, ezta titular gehiagorik ere. Egitateak behar ditugu.

OSAKIDETZAREN EGITURAZKO ARAZOAK KONPONTZEA BEHAR DUGU. Ez dugu murrizketarik normalizatuko, ez eta pribatizaziorik ere. Osasun publikoa guztiona delako. Eta ez gaude prest gure osasun publikoa kentzen uzteko!

OSASUN PUBLIKOAREN ALDEKO HERRI PLATAFORMAK koordinakundetik dei egiten diegu sindikatuei, auzo-elkarteei, gizarte-mugimenduei, lan-erakundeei, herritarren kolektiboei eta indar politikoei, osasun-sistema publikoaren defentsan indarrak batzeko.

Apirilaren 18an Bilbon, Donostian eta Gasteizen osasun publikoaren alde egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei.

  • Bilbon, 12:00etan, Bihotz Sakratutik.
  • Gasteizen, 12:00etan, Bilbo Plazatik.
  • Donostian, 17:00etan, Bulebarretik.