Dantza batean hasi eta amaituko dugu hilabete hau, Orbeldi dantza taldekoen eskutik. Izan ere, larunbaterako, apirilaren 11rako, Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak Korrontzikoen emanaldia antolatu dute 19:00etan aipatu gunean. "Mundua dantzan jarriko nuke Korrontzi banintza" ikuskizuna Korrontzi Dantza proiektuaren 10. urtemugaren harira sortu dute. Euskal Herrian nahiz nazioartean barrena 50 emanaldi eskainiko dituzte urtebete honetan, tokian tokiko dantza taldeekin.
Aginagako saioan hain zuzen, Orbeldi dantza taldekoek parte hartuko dute, Orioko eta Villabonako taldeekin batera. Honenbestez, Usurbilgo dantzariak ikusi ahalko ditugu larunbatean, hilaren 11n, Aginagan.
"Aitaren Gutuna"
Haiekin dantza batean ekingo diogu apirilerako herri honetan iragarriak dauden ekintzei eta ildo beretik agurtuko dugu laugarren hilabete hau ere; Orbeldikoek antolaturiko 14. Dantza Egunarekin hain zuzen. Aurtengorako osaturiko egitaraua kartel moduan plazaratu dute azken orduotan, sare sozialen bidez. Segidan duzue.
Datorren Dantza Egunari dagokionean, egun osoko eskaintza prestatu du Orbeldik. Hasteko, goiz partean, 7. Dantzari Txiki topaketa iragarri dute. Usurbilgo dantzariek bidelagun izango dituzte, lehenik, herrian barrena egingo duten kalejiran nahiz gero frontoian eskainiko duten emanaldian, Getariako Gure Txeru, Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka taldeak.
Herri bazkaria antolatu dute segidan, Askatasuna plazan. Adi txartelei, aurrez eskuratu beharko dira eta. Arratsalde partean, erromeria giroa nagusituko da Artzabalgo plazan, Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallusekin.
Amaitzeko, gau partean, Orbeldik hilabeteotan ondutako ikuskizunaren estreinaldi mundiala; aurtengoak "Aitaren Gutuna" izena darama. Ikuskizunaren ostean, hilabete hau nahiz Dantza Eguna hasi bezala amaitzeko, Iratzar taldekoekin erromeria Mikel Laboa plazan.
Hemen duzue, aurtengo Dantza Egunerako Orbeldik osatu duten egitaraua:
Apirilak 25, larunbata
7. Dantzari Txiki:
Talde gonbidatuak: Getariako Gure Txeru, Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka.
11:30 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Ekitaldi nagusia frontoian.
14:30 Herri bazkaria Askatasuna plazan.
Oharra: otordurako txartelak Artzabalen eta Lizardin erosi ahalko dira, apirilaren 21era arte.
17:00 Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallus trikitilariak Artzabalen.
22:00 "Aitaren Gutuna" ikuskizuna frontoian.
Ondoren, Iratzar erromeria Mikel Laboa plazan.
Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
