Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

"Propaganda gutxiago eta ekintza gehiago nahi ditugu"

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 9a

Mobilizazio eguna gaur osasun zerbitzuen atarietan. Apirilaren 18rako deitutako manifestazioen aurretik, elkarretaratzeak egin dituzte Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek promesak alboratu eta osasungintza publikoak bizi duen egoerari begirako benetako konponbideak galdegiteko.

Apirilaren 18ko manifestazioen atariko protesta eguna ostegun hau, apirilaren 9a, Osakidetzaren lurraldeko hiriburuetako zenbait osasun zerbitzuen atarian; horietako bat, Donostiako Gros auzoko anbulatorio atarian egin dute. Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deitu dituzte mobilizazio horiek; Gipuzkoako hiriburukoa hain zuzen, besteak beste, eskualde hau ordezkatua duen Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak. "Osasungintza publikoaren alde, promesarik ez! Konponbidea orain!" aldarripean batu dira elkarretaratze horretan.

Hainbat hedabide erakarri dituen hitzorduan, etenik gabekoak izan dira "Osakidetza ez dago salgai", "gutxiago hitz egin, gehiago eragin", "mediku gehiago, adreilu gutxiago" zioten aldarriak edota murrizketen aurkako oihuak.

Aipatu herri plataformen ordezkariek hedabideen aurrean, "dena ondo dagoela esanez" Osakidetzaren kudeatzaileak egiten ari diren "propaganda" salatu dute. Izan ere, "oso kontrakoa da errealitatea. Hemen ez da ezer aldatu". Are gehiago, egoera okertu dela ohartarazi dute. "Poliki-poliki ari gara galtzen gure eskubideak eta hori onartzen ari gara". Profesional eta baliabide falta salatu dute beste behin, Groseko anbulatorio atariko elkarretaratzetik. Egoera horren aurrean, "kalera aterako gara" iragarri dute; "propaganda gutxiago eta ekintza gehiago nahi ditugu". 

Horretarako, herri plataforma horiek manifestazio bana deitu dute apirilaren 18rako, Osakidetzaren lurraldeko hiru hiriburuetan; horietako bat, Usurbildik gertuen, Donostian. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bulebarretik, "promesa gehiagorik ez! Konponbide errealak orain. Indartu eta defendatu gure osasun publikoa" aldarripean.